IRRATIA

Elden Ring Shadow of the Erdtree espantsioa begirada guztiak erakartzen hasi da

Grand Theft Auto VI bideojokozaleen etorkizuneko titulurik desiratuena zela esan genuen aurreko irratsaioan, baina Elden Ring maisulanaren Shadow of the Erdtree espantsioa parean edukiko du ziurrenik.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Grand Theft Auto VI bideojokozaleen etorkizuneko titulurik desiratuena zela esan genuen aurreko irratsaioan, baina Elden Ring maisulanaren Shadow of the Erdtree espantsioa parean edukiko du ziurrenik —ez dugu uste, baina gure artean halaxe da!—. Estreinatzeko hilabete eskas geratzen da, eta FromSoftware zein Bandai Namco taldeek marketing kanpaina indar betean jarri dute.

Eduki gehigarriaren istorioaren premisa azaltzeko bideo zinematiko ikaragarria prestatu dute horretarako. Pertsonaiak eta guneak agertzen dira, bai, baina, Fromekoen jokoekin gertatu ohi den bezala, ez dugu askorik ulertu. Sekulako itxura daukala baino ez. Ekainaren 21ean iritsiko zaigu PlayStation eta Xbox kontsoletara zein PCra.

Bestalde, Valve estudioaren hurrengo jokoa ezagutu dugu… baina ez ofizialki. Deadlock proiektuaren irudiak eta bideoak zabaldu dira sarean: heroien tiro jokoak eta MOBA tituluak uztartzen dituen multijokalaria dator. Alfa fasean aurkitzen da oraindik, baina 6vs6 borrokak eskainiko dizkigu, oraingoz, hemeretzi heroiren artean hautatuz.

Euskarazko joko berria ekarri dugu saiora: Burger Party. Josu Igoa zaleak itzulitako lana doakoa da, eta Android mugikorretan joka dezakegu. Gainera, gure aurkezle Damianek dagoeneko euskaraz dagoen OpenTTD doako tituluaren herriak euskalduntzeko eguneraketa kaleratu du.

Saioarekin bukatzeko denetariko bideojokoen berritasunak izan ditugu hizpide: The Witcher III, Dragon Quest III HD-2D, Kingdom Hearts eta Super Mario 64 maitatuen inguruko albisteei buruz aritu gara Game Erauntsian.