«Bidegabekeria gainditzeko aukera dela uste arren Amnistia Legearen aplikazioa zaila izango da»
Espainiako Kongresuak gaur onartuko du, kostata, Amnistia Legea. Ander Errasti doktoreak uste du, independentismoaren artean espektatiba handia izan arren, legearen aplikazioak buruhauste handiak ekarriko dituela. Epaitegietatik etor litekeen filibusterismoaren ohartarazpena egin du.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Espainiako Kongresuak ostegun honetan onartuko du Amnistia Legea. Independentismo katalanak 2019. urtetik sustatu duen aldarriak lasaitasuna ekarriko du. PSOErentzat esanahia bestelakoa izango da: prozesu politiko baten bukaera. Alderdi Sozialistak proposamena bere kabuz erregistratu eta sei hilabetera, argi berdea jasoko du Amnistia Legeak. Aldeko 178 botoko babesa izango du, eta kontrako 172 boto. Legeak Kataluniako prozesu independentistarekin lotura duten 370 auzipetu inguru amnistiatzea aurreikusten du.
Ander Errasti Etika eta Filosofia Politikoan doktoreak egoera zaila aurreikusi du. Dio, independentismo katalanean poztasuna handia bada ere, eta legea «bidegabekeria batetik ateratzeko palanka izan litekeela uste bada ere», arauaren aplikazioa ez dela batere erraza izango. Epaitegietan jarri du arreta. Prebarikaziotik gertu egon litekeen filibusterismoan jausteko aukerak aurreikusi ditu, legearen aplikazioari dagokionean, baina baita legea bera indargabetzeko saiakerekin ere. Kasu, Europako auzitegietara joz edota Amnistia Legearen inkonstituzionalitateaz galdetuz. Epe motzean, bi elementu argitzeko direla azaldu du. Lehenik eta behin, ea Amnistiaren Legearen aplikazioa berehalakoa izango ote den ala ez. Eta bigarrena, zein hedadura izango duen aplikazioa; hots, zein kasuri eragingo dien eta zeini ez.