«Hezkuntza arautua haurren denboraren %15 da soilik»
Sortzen guraso elkarteak euskarazko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea aurkeztu du. Jauzi.eus ataria maiatzaren 29az geroztik egongo da erabilgarri. Iruñerriko D ereduko zenbait eskola publikotan euskarazko aisialdia sustatzeko helburuarekin sortutako egitasmoa da.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Asteazkenetik aurrera Sortzen guraso elkarteak antolatutako jardueretan izena emateko aukera izango da. Iñigo Otxoak, Sortzen elkarteko kideak, esan du «50 urte pasa dira D eredua Iruñerrian dagoenetik eta garai berrietara egokitu beharreko euskalduntze estrategia lokal bat beharrezkoa dela pentsatzen genuen».
Sortu berria da eskaintza hau eta hutsetik hasten diren arren, helburu nagusia argi dute. Eskolaz kanpoko jardueren zabalpenerako eta izen emateko toki erreferentzial bat sortzea hain zuzen ere. Euskara nahiz eta D ereduan protagonista izan, eskolaz kanpo erabilera mantentzea erronka benetan handia da. Bestelako ekintzetan, eskolan landutakoa murrizteko aukera handia dagoenez, ahalik eta gehien zaindu nahi dute alor hori, beti amildegi berean erortzen ez jarraitzeko
Zalantzarik gabe, euskararen erabilera sustatzea da ekimen honen muina. Eta kontzientziazio lana ikastetxetik hasi behar dela aitortu dute. Euskararen garrantziaz ahalik eta lasterren ohartzea litzateke ekosistema honentzat idealena. Bestalde, «pentsatzen genuen, gaur egungo garai hauetan haurra D eredura eramanda transmititzen den mezua ez zela nahikoa eta osatu beharra zegoela. Gurasoei transmititu nahi diegu hezkuntza araututik kanpo egiten diren ekintzetan egiten denak izugarrizko eragina duela» azpimarratu du.
Gauzak zehaztuz beraz, maiatzaren 29tik aurrera izango da webgunea bisitatzeko aukera eta ekainaren 4ean berriz, iada jardunaldietan izena eman ahal izango da.