IRRATIA
Elkarrizketa
Mertxe Aizpurua
EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan

«Biziberritze demokratikorako neurririk gabe Sanchezen hitzak hutsalak dira»

Pozik agertu da Aizpurua Sanchezen Palestinako Estatua aitortzeko erabakiarekin, baina Israelenganako 'presio bide guztiak' erabili behar direla dio. Estatuaren demokratizaziorako neurriak galdegin ditu baita ere, aurrerapen sozialak bermatzeaz gain, askatasun politiko eta nazionalak ere aitortzeko.

Mozal Legearen erreforma legegintzaldi honetan onartzea espero du Mertxe Aizpuruak. (Eduardo PARRA | EUROPA PRESS)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Zoruaren Legearen erreforma bozkatzea zegoen aurreikusia ostegun honetan Espainiako Kongresuan eta Espainiako Gobernuak bozketa bertan behera uzteko eskaera publiko egin berritan hitz egin du Mertxe Aizpuruak NAIZ irratiarekin. EH Bilduko diputatuak gogora ekarri du astearte honetan bertan PSOE «bakarrik gelditu» dela proxenetismoa zigortzeko lege-proposamena onartzeko saiakeran eta gaurkoa sozialisten «bigarren porrota» izango zela nabarmendu du, EH Bilduk zein gainontzeko taldeek ezezkoa emango baitzioten erreformari.

Aizpuruaren ustetan, «PSOEk ikasi beharko luke legeak ez direla aurrera aterako aurrez ezkerreko gehiengoarekin adosten ez badira». Arduraz jokatzeko deia egin du halaber: «denoi dagokigu gehiengo hau zaintzea, baita gobernuari ere».

Presio bide guztiak, genozidioa eteteko

Garrantzizko iragarpena izan zen Aizpuruaren ustetan Espainiako Presidenteak bart egin zuena. Norvegia eta Irlandako Errepublikarekin batera, datorren asteartean Espainiako Estatuak Palestinako Estatua errekonozituko du. Berandu iritsi den erabakia ere badela gehitu du eta urratsa emateko aspaldi egina ziola ezker independentismoak eskaera Sanchezi. «Israelen kontrako presio guztia areagotzeko unea da eta lehenbailehen martxan jarri behar dira presio bide guztiak Palestinaren aurkako genozidioa gelditzeko».

Pentsa liteke, halako onarpenaren ostean, misio diplomatikoa indartuko duela Palestinan Espainiako Gobernuak. Momentuz, ordea, badirudi enbaxada bat zabaltzea baino, Jerusalemgo kontsulari ardura diplomatiko hori esleitzea dela Sanchezen asmoa. Gobernuek «gauza asko egiteko ahalmena» dutela dio Aizpuruak, eta haien ardura «gobernuak bultzatzea» dela. Hiru estatuen iragarpenaren ostean, Europan herrialde gehiagok bide bera hartzea espero eta aurreikusten du EH Bilduko diputatuak.

«PSOEk badaki hau dela estatu-egiturak eraberritzeko unea»

Pedro Sanchezek etxeko lanak atzeratu ditu. Ekainaren 9tik aurrera, Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean, ekingo dio presidenteak biziberritze demokratikorako neurriak martxan jartzeari. «Behintzat data bat jartzea ondo dago» dio Aizpuruak. Eta hauteskunde garaia halako gaiak lantzeko garai onena ez dela ere aitortu du.

Hauteskundeak pasata, Sanchezek hartutako konpromisoari eutsiko diola uste du. Kalkulu akats posible bat ere egotzi dio buruzagi sozialistari bost eguneko hausnarketa tartea hartu eta segidan neurriak hartuko zituela iragartzean. «Biziberritze demokratikoaren alde egingo zuela esan zuen eta orain artean falta izan direnak neurriak dira».

Sanchezi elektoralismoa leporatuz egindako kritiken inguruan, Aizpuruak dio gauza jakina dela «ultraeskuin mediatiko, politiko eta judiziala gobernua pikutara bidaltzeko irrikitan dagoela». Zentzu horretan, ekinbide falta ez dela lagungarri dio eta eskuin atzerakoiari aurre egiteko «agenda demokratizatzaile sakona» behar-beharrezkoa dela deritzo.

Agenda horrek, ordea, ezin du partziala izan. Aurrerapen sozialak mahaigaineratzeaz gain, askatasun politikoen aldekoak ere barnebildu beharko lituzkeela defendatu du Aizpuruak. Eta horrekin batera, estatuaren izaera plurinazionala aitortu eta lurralde-antolaketaren eztabaida zabaltzea. «Bestela hemen ez da ezer aldatuko, eta gauzak berdin jarraitzen badute, gainera, haien kontra joango da». Estatuko nazio zapalduentzako onuragarriak liratekeen neurriak direla dio diputatuak, baina horretaz gain, estatuko demokratizaziorako ere mesedegarriak izango liratekeela.

Mozal Legea, polizia infiltratua eta Sekretu Ofizialen Legea

Asko dago egiteko, baina badira azpimarra berezia behar duten elementuak. Joan den legegintzaldian erdibidean gelditu zen Mozal Legearen erreforma. EH Bilduk eta ERCk aurka bozkatu zuten, Aizpuruaren esanetan, erdibidean gelditzen zen erreforma baitzen. Diputatuak espero du Kongresuak lehenbailehen berrartzea gaia eta «onargarria» den erreforma bat lortzea legegintzaldi honetan, ahalik eta lasterren.

Mozal Legeaz gain, Sekretu Ofizialen Legea edota hainbat mugimendu politikoetan infiltratutako polizien aferaz ere hausnartu du Aizpuruak. Kongresuan «noizean behin aipatzen den gaia» dela dio. Azkenari dagokionez, gogora ekarri du batzorde zehatz batzuen eraketa onartua dagoela. Sekretu Ofizialen Legea bezala, agitu beharreko gaia dela azpimarratu du: «eraberritze demokratikoaz ari bagara kontu horiei guztiei ere erantzuna eman behar zaie». Erresistentziak badira, ordea. «Gai hauekin estatuari azala pixkat urratzen diozunean segituan asaldatzen da».

Monarkia, segurtasun indarrak edota botere judizialaren eremuak ere begiz jo ditu Aizpuruak. «78ko erregimenetik datoz eta orduan lortutako pribilegio eta inpunitateari esker mantentzen dira. Horrekin amaitu beharra dago».