Bizitakotik zerekin geratu, zer bazter utzi... 'Galbahea'
Gotzon Barandiaranek bere hirugarren poemarioa argitaratu du 'Galbahea' (Susa). Denbora hartu eta bere nahiz belaunaldikideen iraganean jarri du begirada egun dena ulertzeko ahaleginean. Egindako bidetik zer hartu, zer alboratu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
'Aurrerabidean
atzera eginik
orain errazagoa zait
naizena antzematen
ez naizena
zerrendatzen baino
maitatzeko modu bat
galdu dut bat-batean
alboan egoteko
gorpuzkera bat-batean
odolbatu batek
berezi gaitu'
Turbo-kapitalismoaren atazaparretatik ihes egin eta soseguz egin du galbahea pasatzeren ariketa Gotzon Barandiaranek. Ariketa bikoitza: berak erabakitakoak pasa ditu galbahearen zirrikituetatik,bai, baina aldi berean bere erabakiz etorri ez zaizkionen galbahe ere izan da. Zer den, zer garen ulertzeko ariketa bat. Bera, bere komunitatea, bere belaunaldia, bere herria. Izandakoetatik lastoa eta alea berezi zer garen ulertzeko.
Poesia izan du barrutik kanpora eta kontrako norabideko etengabeko bidaia horretan eramaile eta maitasuna zutabe. Maitasuna bere zentzurik zabalenean. Askatasuna, maitasuna, damua, errua, iraultza, esperantza... Ama, lagunak, arerioak...guztiak iragazi ditu bere 'Galbahetik'.
Hitz hauek baina ez dira liburuaren orrietan soilik zizelkatuko, doinua duten hitzak dira, kantauz ere kontatzekoak. Eta horixe egingo du. Zarautzen Literaturiaren baitan izango da lehen emanaldia maiatzaren 25ean, larunbatean. 'Galbahea: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko' izenburupean, poema-liburuaren egokitzapen eszenikoa egingo du Barandiaranek aparteko bidelagunen eskutik. Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue García, Mariana Blanco, Amaia García eta Lander Bilbaorekin izango da taula gainean.