IRRATIA

Hagako fiskalaren erabakiak presio politikoa aregoatzeko balio dezakeela dio Urko Aiartzak

Hagan egoitza duen Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalaren eskaerak Palestina eta Israelen arteko gatazka konpontzeko beharrezkoa den presio politikoa lortzeko balio dezakeela nabarmendu du Urko Aiartza abokatuak NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan.

Urko Aiartza abokatua. (Jon URBE | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Palestinako gatazkaren konponbidea ez da epaitegietatik etorriko, presio politikotik baizik. Baina Hagan egoitzan duen Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalaren eskera presio politiko horrentzat lagungarria izan daitekeela nabarmendu du Urko Aiartza abokatuak NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan.

Aiartzak azaldu duenez, astelehenean harturiko erabakia fiskalaren proposamena da. Hemendik aurrera, instrukzio areto baten baliokideak proposamen hori onartzen duen ala ez erabaki beharko du. Nazioarteko gaietan eskarmentua duen abokatu honen ustez fiskalaren eskaerak oinarri juridiko nahikoa du. Izan ere, aditu talde baten iritzia jaso du proposamena egin aurretik.

Fiskalaren eskaera onartuko balitz Israelgo agintariak eta Hamaseko buruzagiak atxilotzeko agindua sinatuko litzateke. Aiartzaren arabera, leporatzen dizkieten delituak oso zehatzak dira. Hamasen kasuan gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak dira. Israelen kasuan gizateriaren kontrako krimenak Palestinako herritarren kontra gosetea arma gisa erabiltzeagatik, adibidez. Dena den, genozidioa bezalakoak leporatzeko aukera dago oraindik prozedura honetan. 

Aiartzak azaldu duenez, astelehenean harturiko erabakiak ez du zerikusirik bere garaian Hegoafrikak paraturiko salaketarekin. Izan ere, bi epaitegi desberdinetan dauden bi prozedura desberdin dira. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian salatu zuen Israel. Bertan, estatuen kontrako prozedurak zabaltzen dira. Kasu honetan, genozidiaren aurkako ituna urratzeagatik. Eskaera onartu egin zen eta Israeli neurriak hartzeko eskatu zion epaitegi horrek, baina Estatu sionistak ez du erantzun. Orain, berriz, Nazioarteko Zigor Auzitegian beste prozedura bat abiatu da. Epaitegi hau Erromako Estatutuan oinarritzen da eta gizabanakoak zigortzen ditu. Delitu zehatzak aztertzen ditu eta, orokorrean, buruzagiak epaitzen ditu.

Jurisdikzioa

Jurisdikzioaren arazoaz ere aritu da Aiartza NAIZ Irratian. Israelek, Estatu Batuek bezala, ez du Erromako Estatutua sinatu. Beraz, ez du Nazioarteko Zigor Auzitegia onartzen. Palestinak, ordea, 2014an sinatu zuen. Ordutik, Gorteak Palestinako lurralde okupatuetan jurisdikzioa zuela erabaki zuen. Palestinak prozedura bat abiatzeko ahalmenik ez duenez, fiskalak berak bultzatu du. Israelgo agintariek Palestinako lurretan balizko krimenak egin dituztenez, hauek epaitzeko ahalmena duela dio fiskalak. Bestelde, Hamasi egotzitako delituak Israelen jazo baziren ere –hor ez du jurisdikziorik–, Palestinako herritarrak direnez hauek era epaitzeko gai dela iritzi du fiskalak.

Gauzak horrela, Auzitegiak fiskalaren proposamena onartuko balu eta Israelgo agintarien eta Hamaseko buruzagien atxilotzen agindua sinatuko balu, Erromako Estatutua sinatu duten estatu guztiek agindu hori bete beharko lukete.