Doinuetatik Haratago | Koldo Otamendi “Kojo”
Koldo Otamendi izan da aste honetako 'Doinuetatik Haratago' tarteko gonbidatua. Ziurrenik gehienek “Kojo” izenez ezagutuko duzue, urte asko daramatza Hamaika TB-ko Musikazuzenean saioan aurkezle gisa, bertako taldeei erakusleihoa ematen.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Lehen kantu kuttun gisa, BAP!-en 'Piztiekin' aukeratu du Koldok. «Andoainen jaio nintzen duela urte asko, eta bertan ezagutu nituen, horrekin batera, Andoaingo Gaztetxea eta mundua ulertzeko modu bat; nire nerabezaroaren soinu banda da eta beraien diskografia oso maite dut. Erreferente izugarriak zentzu guztietan».
Bigarren kantu kuttun gisa, Fugazi talde ezagunaren 'Turnover' ekarri nahi izan digu Koldok. «Oso gustuko nuen hardcore amerikarra eta, Fugazi entzutean, zerbait berezia sentitu nuen, pauso bat harago joaten ziren eta zuzenean ikusteko pare bat aukera ere izan nituen 90 hamarkadan. Kantu honek gainera, nire ustez, badu zerbait magikoa dena».
Hirugarren kantu kuttuna Beti Mugan taldearen 'Oihua' aukeratu du Koldok. «Atzera begira jarri eta gustura entzuten dudan taldea da Beti Mugan. Beraien EP-a asko entzuten nuen bere garaian eta gaur egun ere izugarri gustura entzuten dut, disko laburra da eta denak dira temazoak».
Saioari amaiera emateko, azken kantu gisa, EZEZEZ tadearen 'Ezezez' aukeratu du Koldok. «Maite dut musika berria ezagutu eta entsegu geletan gertatzen dena gertutik bizitzea, gidatzen dudan saioari esker asko ezaguzten ditut. Egun ere, sekulako musika egiten da, askok uste dutenaren kontra. Horietako bat da talde hau, talde ederra, kantu estruktura bereziak, ahots jostaria eta erritmo beroak, disko osoa izugarri gustatu zait».