'Doodem'
Eñaut Zubizarreta, Tigger-ek argitaratu berri du 'Doodem' izeneko lan berria. Diskoa baino gehiago da: Zubizarretaren txeloari lagunduz, Iñigo Xalbador saxoan eta Amaiur Luluaga dantzariarekin batera ikuskizuna prestatu dute. Bidaia bat, kantauri itsasotik abiatu eta atlantikoaz bestalderaino.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Proiektu berri bakoitza, erronka berri bat da Eñaut Zubizarretarentzat. 25 urte daramatza txeloa altzoan hartuta. Ikasketa klasikoak egin ondotik baina, azken urteetan musika-tresna honekin bide berriak urratuz joan da musikaria. Neurri batean, ikasitakoa desikasiz, musika tresnari, zein musikariari egozten zaizkion mugak erauziz.
'Doodem' lanean folk musika hartu du oinarri. Folklorikotasunetik urrun dagoen proposamena da Trigger-ena. Tokian tokiko berezitasun musikalak hartu, elkarrekin josi eta proposamen berri batean entzuleari itzultzen dizkiona. Mbira, Kora edota gitarra flamenko bat entzuten ari garela pentsarazten digu une askotan, biolentxelotik soinu horiek guztiak erreproduzitu daitezkeenik ezin sinetsita.
7 kantu jasotzen ditu diskoak, 7 herriren argazki direnak neurri batean. Kantauri itsasotik atlantikoruntz abiatzen den bidaia musikatuak, badu gorputza ere. Izan ere, 'Doodem' bada ikuskizun bat ere, Iñigo Xalbador saxoan lagun hartuta eta Amaiur Luluaga dantzariarekin batera, testu bat sortu eta migratzaile baten bidaia irudikatzen duen lana ondu baitute. Loraldian izan zen estreinaldia, maiatzaren 10ean Aretxabaletan izan dira eta hurrengo emanldia maiatzaren 26an izango da Arrasaten, muskaldiaren baitan.