IRRATIA

«Onartu beharko da kolonialismoak ez zuela onik egin Ruandak hartutako bidean»

Genozidiotik 30 urte pasata, bide eredugarria egin du Ruandak zentzu askotan, baina kezkagarria ere, Kongoko ekialdean jokatzen duen papera ikusita. Eskualde hartan ikusi duenari jarraiki, Oskar Epelde kazeteriarekin historiografia ofizialaren atzean dagoenari begira jarri da Mundu Bat Herri.

Genozidioaren memorialeko hobi komunean soilik 250.000 gorpu inguru daude. (Guillem Sartorio | AFP)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Duela 30 urte une honetan bertan, infernuaren tankera zuen Ruandak. 100 egunez, 800.000 lagun erailko zituzten gutxienez (zenbait iturrik kopurua milioi batean ere kokatzen dute), sarritan aihotz kolpeka, kale erdian, autoen barruan edo eliza zein eskoletan pilatuta. Hildako gehienak tutsi komunitateko kideak ziren, baina baita sarraskian parte hartzeko prest ez zeuden hutuak, historiografia ofizialak "hutu moderatu" gisa definitzen dituenak.

Sarraskia loratzea eragin zuen hazia orda, dezente lehenago erein zen, aurretik ere izan baitziren sarraskiak, hiltzaile eta biktimen paperak irauliz eta beti mendebaldeko kolonizatzaile ohien begiradapean. «Onartu beharko da kolonialismoak ez zuela onik egin Ruandak hartutako bidean», Oskar Epelde kazetariak dionez, «lehenengo hutuen marjinalizazioa, gero tutsiekiko gorrotoa», gaineratu du. Kenyan bizi den Oskar Epelde arrasatearra da ziur asko, Afrika eta bereziki honen erdialde eta ekialdean eskarmentu gehien duen euskal kazetarietako bat. Berak gidatu du Mundu Bat Herri hain konplexua den eta mendebaldeko potentzien eragin nabarmena duen testuinguruan.

Ruanda odolustu duen hutu gehiengo eta tutsi gutxiengoaren arteko banaketa, artifizialtzat jotzen da hein handi batean gaur egun, europarrak iritsi orduko bazirelako bi komunitate horiek, baina alemaniarrak lehenik eta belgikarrak ostera izan ziren banaketa hori arrazaren eremura eraman zutenak, besteak beste agiri ofizialetara, eta euren lehentasunak moldatuz unean uneko interesen arabera.

Errealitatearen konplexutasuna Kongon

Garai bateko biktima, borrero bilakatu daiteke, edo biak izan aldi berean eta hori argi ikus daiteke, Paul Kagame Ruandako presidente eta Ruandako Fronte Abertzaleko sortzaileetako batekin. Fronteak eman zion amaiera genozidioari 1994an Kigali hiriburua hartzean, baina gerra zibilari hasiera eman zioten 1990ean Ruanda inbadituz. 1995etik aurrera, ihes egindako mugimendu hutu armatuak jazartzeko baimena jaso, eta Mobutu Sese Sekoren gobernua boteretik kentzen lagundu zuen Kongo Errepublika Demokratikoan. Eta ordutik ez dira erabat joan Ipar eta Hego Kivuko probintzietatik. Epelderen arabera, «agerian gelditu denez, Ruandako armadak babestu du M23 gerrilla (tutsiek osatutakoa bereziki) eta indarra eman dio», milioi bat barne desplazatu inguru eraginez.

Berdin dio, komunitateen arteko gorroto artifizial horren balantzak norantz egiten duen, badelako beti errepikatzen den ondorio bat; «mantentzen dena da eskuak sartuta izatea hango aberastasunean. Eta ez Ruandan, baizik eta Kongoko ekialdean», dio Kenyan bizi den euskal kazetariak, «Paul Kagame kritikatzen dute baina gero era berean bere gobernuarekin akordio ekonomikoak egiten dituzte, adibidez Erresuma Batuarekin egindakoa (britainiar uharteetara iristen diren migratzaile irregularrak Ruandara kanporatuko dituzte), edota Kongoko mineral kritikoak eskuratzeko Europar Batasunarekin».