KE LEPO: «Niretzako egindako musika izan da %100ean»
Zestoako harrobiak emandako harribitxietako bat izan dugu Bigarren Kafean. Alejo Orbegozo da Ke Lepo izen bereziaren atzean aurki dezakegun esperientzia handiko musikaria. 'Izpi' izeneko lehen lan pertsonala kaleratu zuen abenduan, 11 abestiz osatutako bakarkako ibilbidearen lehen pausoa.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Proiektu berria abiatu du Alejok urte askotan Grises taldean aritu ostean. Badago tartea, ordea, taldean aritu eta bakarkako lanetan aritzearen artean. Horren inguruan galdetu diogu. «Proiektu berri bat hasteak lan asko dakar. Talde batean lanak banatu egiten dira baina bakarrik zaudenean lan guztiak zuretzat dira. Diskoa atera edo ez eta zuzenekoak egin edo ez zalantzak nituen. Ez nekien diskoa egindakoan zuzenekoak egiteko energiarik izango ote nuen.» Kuriosoa da horrenbesteko esperientzia duen taula-gizonak zuzenean jotzearen inguruan zalantzak edukitzea, zergatik galdetu diogu. «Grisesekin leku askotan jo dugu eta leku batzutan ez nintzen eroso sentitzen. Ez nekien nik etxean egindakoa zuzenean egiten eroso sentituko nintzen».
Etxean pasatako ordu askoren ondorio da Ke Leporen emaria. «Etxean grabatzen dut musika niretzat, ez inori erakusteko. Lasai egoteko unea da niretzat. Gozatzeko eta ikasteko. Ekoizpena gustatzen zait eta nire burua ezagutzea ere bai. Instagramen jarri nituen bi bideo eta Aitor Etxeberriak deitu zidan. Berak animatu ninduen».
Aitor Etxeberriak emandako bultzada ezinbestekoa izan da, beraz, egongelatik jendarterako jauzia egiteko. Jauzi hori izaten da zailena, eta horren baitako prozesua interesgarriena. «Hasieran barrurako musika egiten da baina gero helburu batzuk lortu nahi dira eta jendeari begirako musika egiten da. Nik uste dut hori akats bat dela. Norberak estudioko psikodeliatik abiatu behar du. Publikoari hasieran agian ez zaio errez sartuko baina behin barneratzen denean, beste indar batekin sartzen da».
Txikiattik pianoa izan du lagun Alejok, eta gaur egune re, pianoa du oinarri, nahiz eta beste “katxarroekin” nashastu. «Nere elektronika barruan ezin du piano batek faltatu. Ezta instrumentu akustikoek ere. Hortik abiatuta hasten naiz tresnekin jolasten». «Sinte analogikoak eta erritmo kutxak ditut. Erritmo edo beat batetik abiatzen naiz eta abestiak eskatzen didan lekura eramaten nau».
Diskoa kalean, bidea egiten hasi da Alejo zuenekoetan, eta orain arteko balanztea oso positiboa izaten ari dela esan digu. «Aitorrek esan zidan biniloan kaleratu zitekeela eta poza eman zidan. Aurkezpen pare bat egin deta Durangoko Azokara joan ginen. Harrituta geratu nintzen harrerarekin. Kontzertuak etorri dira eta oso pozik nabil.
Eta etorkizunean zer? «Argi dut poliki egin beharreko prozesua dela. Nire bidea bilatzen ari naiz, prozesuan ordu asko pasa ditut. Mundu honetan sartu berria naiz eta hasiberri baten moduan nabil.