'Irigoienetik Plazara'
Disko berria argitaratu du Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak: 'Irigoienetik plazara' lan bikoitza da, lehenengo CD-an txistua da abiapuntua, bigarrenean hitzak eta ahotsak gehitu dituzte kantuetara. Taldearen bilakaeraren erakusgarri da lana.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Lan berria argitaratu du Aladapeko Basque Latin Jazz taldeak. Taldearen izen abizen guztiek dute islada lan bikoitz honetan. Tradiziotik, euskal tradiziotik edaten dute, txistuaren protagonismoa erakusgarri, baina musika tresna honek ohituta gauzkan tinbretik urrun dago lan honetako hotsa: jazzaren erritmo inprobisatuek, eta musika latinoaren beroak gozatzen eta modatzen ditu, beste erregistro, beste espazio batera eramanez.
Cubatik etorri berritan, bertako jazz-latino jaialdi entzutetsu batean parte hartu ostean, Imanol Iribarren eta Peio Irigoien taldekiak izan ditugu Paraleloa saioan bi diskoz osatutako lan bikain hau aurkezten.
Diskoaren izenak ematen dizkigu barruan topatuko ditugu altxorren berri: Irigoienetik da lehen CDari izena ematen diona, bertan Peio Irigoienen txistu hotsak dira abiapuntua. Plazara izeneko bigarren CDan berriz, berrikuntza nabarmen bat dator taldearen ibilbidean: hitz eta ahotsdun kantuak topatuko ditugu bertan. Punta-puntako kolaboratzaileak izan dituzte gainera, ‘Izarren hautsa’ abestu du Thierry Biscaryk, ‘Ez da ez!’ Ines Osinagak, ‘L´estaca- hesola’ Xabi Solanok, ‘Lili eder bat’ Ixiar Jauregik, ‘Nere etxea- mi hogar’ Frank Delgadok, ‘Triste bizi naiz eta’ Harkaitz Bastarrikak, eta ‘Baratzeko pikuak’ Asier Gozategik.