«Mugikorrek adin txikiengan duten eraginak ezinegona sortzen du gizartean»
Euskarazko spot lehiaketa da EUSPOT. 2012 urtean sortu zuten Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitatak eta Arteman Komunikazioak, publizitate arloan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Aurtengo edizioan lanak aurkezteko epea zabaldu dute jada.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Telefono mugikorrak eta adin txikikoak. Puri purian dagoen gai bat da eta gizartean horren inguruan sortu den eztabaida da horren lekuko. Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arteman Komunikazioak eta Arizmendi ikastolak antolatzen duten EUSPOT lehiaketak gai horri heldu dio aurtengoan. Eztabaidaren bidetik baino, hausnarketaren eta sormenaren bidetik akaso gehiago ordea.
Ze aukera eskaintzen ditu? Eta ze mehatxu? Hori azaldu behar dute EUSPOT lehiaketara aurkezten direnek, gehienez 30 segunduko iragarki batean. «Izan ere, ikus-entzunezko ohiturak aldatzen doaz, eta bideoak geroz eta motzagoak dira, kontsumo azkarrekoak» esan digu antolakuntzako kide den Gorka Zubizarretak.
XIII. ekitaldia da, eta urtetik urtera hobetzen doan lehiaketa da. «149 spot jaso genituen lehengo urtean, eta gorantza goaz»
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 20an itxiko da eta norbait buruari bueltak ematen hasia baldin bada, EUSPOT lehiaketa honetako antolakuntzako kide den Gorka Zubizarreta gonbidatu dugu Bigarren Kafera.