«PP oso indartsua da Galizian eta erraldoiak ez dira egun batetik bestera erortzen»
Espektatiba frustratua izan da milaka galiziarrentzat igandeko emaitza; aldaketarako aukerak bazirela sinetsita ziren, baina ez da posible izan, «ea hurrengoan», dio aspaldian Errenterian bizi den Pablo Carralek.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Igandeko hitzorduaren aurretik lotu genuen hitzordua Pablo Carralekin, Errenterian bizi da aspaldian eta haren familia guztiak Galizian jarraitzen du; aldaketarako aukeraz mintzo ziren denak etxean. Astelehen goizean hitz egin du NAIZ Irratian eta igandeko emaitzez galdetuta erantzun ezin adierazgarriagoa bota du: «Puf... Emaitzak irratian entzun eta ohera joan nintzen berehala».
Izan ere, Ana Ponton buru zuen BNGk inoizko emaitza onenak lortu izanak (sei parlamentari gehiago izango dituzte ezkerreko subiranistek) ez da nahikoa izan Alfonso Ruedaren PPk gehiengo absolutua galdu eta Gobernu aurrerakoi bat osatzeari bidea irekitzeko.
«Ea hurrengoan»
Aldi honetan espero zuten, bai: «Familiakoek esaten zidaten aldatzeko gogoa nabari zutela, ez da posible izan. Hala ere, ikusten da belaunaldi berri bat badagoela eta esperantza txiki bat badagoela; aldi honetan ez da posible izan, ea hurrengoan».
Izan ere, emaitzak ez dira esperotakoak, baina sakoneko mugimendua badagoela uste du errenteriarrak: «Benetan ari da gertatzen, gauza pila bat daude, ez soilik azken asteetan entzun dena; aspalditik dator aldatzeko gogoa. PP oso handia da Galizian eta erraldoiak ez dira egun batetik bestera erortzen».