«Ez gaituzte isilduko; Kubarekiko blokeoa gerra bat da»
AEBekin batera Kubako blokeoan duten lotura azaleratzeagatik, sei urteko espetxe zigorra eskatzen du Prisoners Defenders talde antikastristak Euskadi-Cuba Elkarte eta Cubainformacioneko Jose Manzanedaren aurka. «Hori egia da eta jarraituko dugu esaten», azaldu du ekintzaileak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Irismen handikoak dira Kubako Gobernuaren aurkako ekintzak eta are handiagoak talde hauek AEBen interesekin lerratzen dituzten harremanak. Botere handia dute, eta prest daude, Kubako Iraultzaren aldeko ekintza oro zelatatzeko. Horren eredurik handiena, otsaila erdialdean Madrilen abiatuko den epaiketan dago, Euskadi-Cuba Elkarte eta Cubainformacion hedabideko Jose Manzanedaren aurka sei urteko espetxe zigorra eta 50.000 euroko kalte-ordaina eskatu baitu Prisoners Defenders talde antikastristak. «Ez gaituzte isilduko; Kubarekiko blokeoa gerra bat da eta hori esango dugu behin eta berriro».
Prisoners Defenders taldeak Manzanedak idatzitako erreportaje bat du jomugan. 2020an jaso zuten eskuin muturreko talde horren lehen ohartarazpena Manzanedak gogora ekarri duenez, «erreportajea erretiratu» eta «barkamen» eskaerarekin. «Ezetz esan genuean. Erreportajean ez dago inolako gezurrik eta frogatuta dago nola kereilanteak AEBtako Gobernuarekin kolaboratzen duela Kubarekiko blokeo ekonomikoan. Hori egia da eta jarraituko dugu esaten.
Egoera guzti honek agerian utzi duen zentzugabekeria ere kritikatu du auzipetuko duten ekintzaileak, ustez «Kuban adierazpen askatasunik eza» salatzen duen taldeak burutu duelako Kubaren aldeko eragileekiko «prentsa askatasunaren aurkako eraso» garbi hau.
Otsailean babesa
Jose Manzanedari ez dio harritzen Prisoners Defenders taldearen mugimendu hau, eta argi du salaketa hedabidea eta elkartea ixteko maniobra bat dela, epaiketaren kostu ekonomikoez jakitun izanda.
Zentzun horretan, Madrilgo epaiketaren aurretik, prentsaurrekoa deitu du Euskadi-Cuba elkarteak, otsailaren 14rako, Bilbon.