IRRATIA

«Ez baniz auto-esplotatzen, ez naiz heltzen; prekarietarean buklea»

Txikitatik izan da dantzaria Garazi Etxaburu Aulestia ondarroarra. Gauzak hain argi izanda, erraz topatu zuen bere bidea eta horretan dihardu gaur egun. Bere ibilbideaz aritu gara Bigarren Kafean.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Etxean nire jolas gustukoena gurasoak sofan ipini eta dantza egitea zen» aitortu digu Garazi Etxaburu Aulestia dantzariak. Bere lehen dantza klaseak hiru urterekin jaso zituen, Maitane Uribe balleteko irakaslearekin. Garai hartan gustura joaten zen dantzako eskoletara eta 15 urterekin Maitanek berak gomendatu zion dantza gehiago ikasi nahi bazuen, erabakiren bat hartu beharko zuela. Horrela, 15 urterekin, Gasteizko José Uruñuela dantza kontserbatoriora joan zen.

«Gasteiz apostu bat izan zen Maitaneren aldetik, nire gurasoen aldetik eta baita neure aldetik ere» kontatu digu dantzariak; eta horregatik «gurasoen babesa daukadan gauzarik garrantzitsuena» dela deritzo. Hala ere, onartzen du «etapa gogorra izan zen, dantza klase solte batzuk hartzetik kontserbatoriora pasa nintzen, horretara dedikatzeko asmoarekin eta gogorra izan zen aldaketa».

Han amaitutakoan, bere etxe izan zen hiru urtez Dantzaz konpainia. Bertan izan zuen ia lehen kontaktua dantza garaikidearekin. «Mila ate zabaldu zizkidan, pertsona asko ezagutu nituen; behin eta berriz errepikatuko nuke».

2017. urtean Judith Argomanizek zuzentzen duen Lasala konpainian hasi zen dantzari, eta ordutik bertan ari da. Horrez gain, beste hainbat proiektutan ere parte du: 2020an José Pablo Arriaga eskultorearekin batera Oihalezko Teilatua pieza estreinatu zuen, Neomak taldearen Hamen kantuko bideoklipean ikus dezakegu, Izaroren Cerodenero laneko bideoetako dantzarietako bat da, etab. Gainera, Ondarroa, Zumaia eta Markinako dantza eskoletan dantza irakasle dabil, dantza garaikidea eta klasikoa irakatsiz.

Bere ibildeaz aritu gara Bigarren Kafean.