«Gas eta petrolio sektoreko metano isuriak konpondu daitezke errazen»
Berotegi-efektuko gasak,ez lirateke hain kezkagarriak izango gizakien jardueraren ondorioz horien kontzentrazioa hainbeste handitu ez balitz. Efektu hori duten gas ezagunenak CO2a eta metanoa dira. Itziar Irakulis Loitxate zientzialariak NAIZ irratiko Gelditu Makinak saioan horretaz jardun du.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Zergatik da metanoa hain kutsagarria?
Berotegi-efektua eragiten duen gasa da eta kontzentrazio kantitateari dagokionez, atmosferan CO2a baino askoz ere gutxiago badago ere, bere beroketa ahala CO2arena baino 82 aldiz handiagoa da 20 urteko epean. Industria garaitik hona, giza jarduerek eragindako isuriak asko hazi dira, kontzentrazioa asko handitu da eta ikusi dugu berotze globalak metano isuriekin lotura duela.
Metano isuriak bilatzen dituzue. Nola egiten duzue hori?
Teledetekzioan oinarritzen gara eta satelite irudien bidez lan egiten dugu. Metanoa, gizakiontzat, ikusezina eta usainezina da, baina, kamera berezi batzuekin posible da metanoa detektatzea. Egin duguna da sateliteetan dauden bereizmen altuko kamerak erabili mundu osoan zehar metano isuriak detektatzeko.
Satelite horiek nola lortzen dute metanoa bereiztea?
Eguzkiak energia bidaltzen du espektro osoan zehar. Uhinaren luzeraren arabera, guretzat ikusgaia da edo ez, baina energia denean bidaltzen du. Orduan, metanoak eguzki erradiazioaren parte bat xurgatzen du, zehazki, urruneko infragorriena. Beraz, kamera bat espektroaren inguru horretara egokituz gero, metanoa ikusteko gai da.
Nondik datoz isuriak?
Metano isuri mota desberdinak daude. Detektatzeko errazenak iturrian oso kontzentratuta daudenak dira eta horien jatorri esanguratsuak dira gas eta petrolio erauzketa zonak, ikatz meatzeak eta zabortegiak.
Isuriak sistematikoak dira edo arazoren baten ondorio?
Gas, petrolio eta ikatzari dagokienez, sektoreak horrela funtzionatzen du, baina kasu gehienetan ez dakite hori gertatzen ari dela edo ez ikusiarena egiten dute. Hau da, sektorearen arazoa da, baina ez litzateke gertatu behar. Zabortegiei dagokienez, euren kudeaketa arazoen ondorio da.
Zer egiten duzue isuriren bat detektatzean?
Nazio Batuetako programa batean kolaboratzen ari gara. Egiten duguna da satelite bidezko datuak mamitu eta akziora pasa. Detektatzen duguna Gobernuari edo enpresari bidaltzen diogu esanez isuria gertatzen ari dela, eta zer egingo duten azaltzeko eskatzen diegu. Ondoren, jarraipena egiten da.
Herrialde guztiek dute neurriak hartzeko betebeharra?
Ez, eta herrialdez herrialde asko aldatzen da. Adibidez, Europa mailan denak daude derrigortuta zerbait egitera. Gainerakoan, herrialde batzuetan ez dago legerik edo, zuzenean, legala da edozelako isuriak izatea. Horiekin interakzioa zailagoa da; askotan zerbait kulturala da. Urte asko daramatzate gas eta petrolioa edo ikatz meatzeak ustiatzen eta ez dute praktika horiek alda ditzaketen begiratzeko tarterik hartu.
Metanoaren detektibe edo polizia gisa aurkeztu izan zaituzte prentsak. Hala zarete?
Tira, hobe detektibe polizia baino. Ikerketa zientifiko aldetik, jakintza helburu izanda hasi ginen ikertzen eta, aurrez ez zegoenez informaziorik, geuk bilatu behar izan dugu dena. Puzzle bat osatzearen modukoa da gurea eta saiatzea ulertzen nondik datozen metano isuriak, zergatik, zer ari den gertatzen… Gutxi gorabehera, metanoaren ondorio dira berotegi-gasen herenak. Horietatik %20 hidrokarburoetako instalazioek isuritakoak dira eta, hain zuzen ere, trantsizio energetikoaz hitz egiten denean, horiek dira gutxitu beharrekoak.
Uste duzu posible dela epe motzean?
Bai. Eta, horregatik eman zaio lehentasuna auzi honi. Berez, gas, petrolio eta ikatz meategien isuriak erraz konpon daitezke beste sektore batzuekin alderatuz. Askotan, instalazio bat konpontzea besterik ez da. Beraz, erraz konpon daitezkeen isuriak dira; gas eta petrolioarenak errazen.
Zabortegien isuriak zailagoak dira; oso zabortegi handiez ari gara eta hori kudeatzea ez da erraza. Hala ere, epe motzera posible ikusten dut, azken finean, ingeniaritza arazo bat besterik ez baita eta datu eta bibliografia ugari baitago. Horregatik, normala da trantsizio ekologikoan urgentziazko tokia edukitzea.