GARAk 25 urte: «Lorpenak eta mirariak» mende laurdena bete du
1999ko urtarrilaren 30 GARAren lehen edizioa iritsi zen Euskal Herriko kioskoetara. Mende laurdenean gauza asko aldatu dira, eta horien testigu izan da Mertxe Aizpurua GARAko lehen zuzendaria. 'Errealitatea aldatzeko errealitatea onartu behar dela' jakitun, etorkizunera begira jarri da Iñaki Soto.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Mertxe Aizpurua izan zen GARA egunkariaren lehen zuzendaria, 2004 urtera bitarte, eta egunkari honen sorrera ekarri du gogora NAIZ Irratian. «Garrantzi handiko momentuak izan ziren, bai norberaren bizitzan bai kolektiboki ere, herri honetan».
Erronka horretan, «indarrak batzea eta denok batera egiteak» asko lagundu zuela azpimarratu du Aizpuruak. «Zailak izan ziren lehen une haiek, baina oso momentu onak aldi berean, anbizio handiko momentuak zirelako». Denbora gutxian «oso egunkari ona» egitea ahalbidetu zuen horrek eta egun Kongresuan diputatu den Aizpuruarentzat «lorpena eta miraria» izan zen «egunkari moderno bat montatzea».
Garai historiko batzuen baitan kokatzen du sorrera hori, Lizarra-Garaziren itzalean. «Ilusio momentu horri ere erantzun zion Gararen sorrerak». Lehen egunkariko editoriala ere izan du mintzagai: «Tamalez eta zorionez, bihar argitaratu liteke. Paradoja horretan bizi gara. Hainbat gauza, oinarrizkoak direnak, oraindik mantentzen dira GARAri esker eta informazioa herriaren beharrei lotuta egotea funtsezkoa da».
«Errealitatea aldatu eta gure utopien bidean aurrera egin»
Ildo beretik mintzatu da Soto lehen editorial horren harira. «Mertxek esan du, tamalez eta zorionez baietz. Gaurko editorialean oraindik presoak aipatzen ditugu, oraindik hor daudelako eta 2024an hau horrela izatea mingarria da, amestu egiten dugulako presorik gabeko herri batekin, anbizio hori dugulako. Eta pentsa, bozkatzearen ideia hori, gure etorkizuna erabakitzeko asmo hori. 25 urte pasa dira eta ditugun gai batzuk. Uste dut aberastu beharko litzatekeela orduko editoriala, bidea oparoa izan delako eta gauza asko eman dituelako».
Egindako ekarpenarekin «positiboa» da Soto eta, aurrera begira erronka «ikaragarriak» dituela GARAk. «Gure eskala oso txikia da. Txikitasun horretatik asmatu behar dugu bide propioak lortzen. Gure errealitatea aldatzeko eta gure utopien bidean aurrera egiteko». Ekarpen horiek, orain «orduro» egin behar direla adierazi du GARAren egungo zuzendariak, NAIZ eta NAIZ Irratia bezalako tresnak eskuan.
GARA egunkariak izan dituen zuzendarietako bi hauetaz gain, NAIZ Irratiko mikrofonoetatik proiektua posible egiten duten hainbat kide pasa dira gaur goizean zehar. Ibai Azparren, gaurko lehen Eguneko Gaia idatzi duen kazetaria; Mikel Jauregi, papereratze lanaz; Oiartso Los Arcos, diseinu lanaz; Joxean Etxeberria, inprenta lanari buruz; Iñaki Altuna, NAIZeko zuzendaria; Ane Urkiri, kirol sailaz; eta Zugazart eta Tasio, elkarrekin, biñetei buruz.