IRRATIA
Elkarrizketa
Mikel Chillida
Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko garapen arduraduna eta eskultorearen biloba

«Aitonaren lana ez da bukaera bat, hasiera bat da»

Euskal arte garaikidearen bultzatzaile nagusietako baten  izan zen Eduardo Chillida. Euskal artista bizirik balego, asteazken honetan ehun urte beteko lituzke, eta hain justu, horregatik, haren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak abiatu dituzte. Mikel Chillida bilobarekin izan da Zuriñe Iglesias.

Mikel Chillida aitonaren argazkien ondoan (Gotzon Aranburu | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Lekua zabala da oso, zelaia oso ondo zainduta dago eta, azkenaldian egin duen euriarekin, distira gehiago du belarrak. Belazearen erdian, baserria ikusten da, Zabalaga baserria, eta inguruan ditu eskultura guztiak. Lasaitasuna arnasten da. Hortxe topatu dugu protagonista. Agenda beteta du Mikel Chillidak. Baina ez zaizkio arrazoiak falta. Asteazken honetan aitonaren, Eduardo Chillida (Donostia, 1924) eskultorearen jaiotzatik 100 urte bete dira, eta urteurrenarekin batera, tamainako ospakizuna antolatu dute. «Momentu alaia» izaten ari da, kultur eragile eta instituzioetatik berotasuna eta babesa jasotzen ari direla azaldu digu eskultorearen bilobak. Aitonaren dimentsioa erakutsi nahi dute mendeurrenaren harira antolatutako egitasmoetan. Arte plastikoez gain, natura, galderak, musika, filosofia… bere lanaren oinarri ere izan direla azaldu digu Chillidak. Eta hain justu,  «zabaltasun» ideia hori izan zuten ardatz asteazkenean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian antolatutako ekitaldian.

Programa multidiziplinarra antolatu dute 100. urteurrena gogra ekartzeko. Egitasmo eta ekitaldi asko antolatu dituzte, baina kopurua baino, kalitatea lehenetsi dute. Artiumen, Tabakaleran, Kutxa Fundazioarekin elkarlanean... Eta noski, ospakizun hori presente egongo da Chillida Lekun ere. Ohiko piezez gain, Zabalaga baserrian Alexander Calder, Alberto Giacometti, Joan Miró eta bestelako arististen piezak daude ikusgai, «aitonaren lagunen» lanak bildu dituzte bertan.

Denbora eta galderak, Chillidaren artearen oinarri

Kirolzalea zen oso Eduardo Chillida. Realeko ateziaina ere izan zen urtebetez, belauneko lesio gogor batek zelaietatik kanporatu zuen arte. Arkitektura ikasten hasi zen Madrilen, baina «oso diziplina itxia zela iruditzen zitzaion». Erantzunak ematen zituen arkitekturak, funtzionalitateari begirako arloa da, eta Chillidak nahiago zituen galderak. «Kuriositate handia zuen eta aske izan nahi zuen. Artean galdera da garrantzitsua». Erantzunak, hartzailearen esku utzi nahiago zituen eskultoreak. «Ez zuen azalpenik ematea gustuko, emanez gero denek pentsatuko zutelako hori zela erantzuna».

Chillidaren artea ulertzeko denbora behar dela uste du bilobak: «aitonaren lanak begiratzen hasten zara eta hor, bada zerbait. Denbora behar da, ez da gauzak erraz edo azkar ikusten diren artea».