«Egungo egoeran La Sirena bezalako aterpetxea itxita mantentzea inhumanoa da»
Donostian aterperik gabe bizi diren pertsonen egoera «oso gogorra» dela ohartarazi du Harrera Sareko Garazi Montuschik, La Sirena aterpetxea irekitzea «borondate politikoaren kontua» dela nabarmendu du. Udal Gobernuaren jarrera salatzeko mobilizazioa izan da arratsaldean udaletxearen aurrean.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Donostiako Hiritarren Harrera Sareak deituta, ehuna pertsona baino gehiagok La Sirena aterpetxea ireki dezatela aldarrikatzeko kontzentrazioa egin dute Udaletxe aurrean ostegun honetan. Izan ere, elkarteak jakinarazi duenez, Donostian 300 pertsona baino gehiago daude aterpe hartzeko tokirik gabe, eta Udalak 100 pertsonentzako tokia duen La Sirena aterpetxea itxita mantentzen du.
Harrera Sareko Garazi Montuschik NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan ohartarazi duenez, Donostian aterperik gabe bizi diren pertsonen egoera «oso gogorra da». «Pertsona hauek urte osoa daramate horrela, baina orain, tenperatura baxuekin eta euripeekin, askoz ere gogorragoa da egoera», azaldu du.
Izan ere, Harrera Saretik hiru urte daramatzate salatzen La Sirena irekitzeko Udaletxearen irizpideen «anbiguetatea». «Donostiako Udalak erabakita du izozte arriskua dagoenean bakarrik irekitzea. Horrela, azaroaren erdialdetik, 100 plaza daukan aterpe hau itxita dago. Beste hainbat udalerritan egoerari aurre egiteko dispositiboak martxan daude jada eta horrelako aterpeak irekita daude. Egoera honetan La Sirena itxita mantentzea inhumanoa da», azaldu du Montuschik.
Gainera, Donostiako Hotzaren Protokoloa delakoa ez dela nahikoa uste du: «300 pertsona baino gehiago kale egoeran daude urte osoan zehar, eta nonbaiten egon beharko lukete, gehien bat aste honetan egiten ari den eguraldiarekin».
«Borondate politikoa» eskatu du, eta Iruñeko kasua jarri du adibide gisa. «duela gutxi Iruñean gertatu den adibidea daukagu. Borondate politikoa baldin badago, egoerari aurre egiteko baliabideak jartzen dira», nabarmendu du.
Harrera Sareak, SOS Arrazakeriak eta beste hainbat erakundek Arartekoarengana jo dute konponbideak eskatzeko. Horretaz gain, Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari esku hartzeko deia egin diete, «konponbide integralak martxan jartzeko».