‘Esne bidea’, galaxia baten izena dirdira asko egin duen Esne Beltzaren agur diskorako
Abenduan sartzerako, azaroaren 25ean, kaleratu zuen Esne Beltza taldeak bere ibilbideko azken diskoa izango den ‘Esne bidea’. Rafa Sardina ekoizle handiarekin elkarlanean haritu dira horretarako. Emaitza taldearen eboluzio bat gehiago bezala ulertu behar da, unibertsoa bezala eraldatzen joan dira.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Esne Beltza taldeak 2024a agur esateko baliatuko duela esan zuen azaroaren 25ean ‘Esne bidea’ diskoa kaleratu zuten egunean bertan. Durangoko Azokan izan zen gurekin Xabi Solano taldeko abeslaria MusikHaria saioan. Ez da gauza erraza agur esango duzula jakinda disko bat sortu eta, gainera, eboluzio bat izatea zure musikan, aurrerapauso bat. Hori egin du Esne Beltza taldeak Rafa Sardina ekoizlearen eskutik. Hainbat estudio, hiri, teknikari eta kolaborazio izan ditu bidelagun talde gipuzkoarrak lan honetarako.
Chambaoko La Mari izan zen ‘Behin eta berriz’ singlean ezagutu genuen lehen kolaboratzailea, baina, diskoa irekitzen duen kantuan Unlearn The World MCa izan dute ondoan, ekoizpen elektroniko potente bat duen abestian. Pucci abeslari madrildarrarekin osatu dute ‘Gure dantzalekua’ reggaetoi abestia eta ‘Altxa eskua’ abestian, berriz, Xiberoots taldeko Jon Etxekopar eta Rocky Dawuni abeslariak izan dituzte kolabortzaen.
Internet bidezko grabaketarik ere egin dute disko honetan, izan ere Skype eta halakoak baliatu zituzten Flor De Toloache mexikarren ahotsak egon zitezen ‘Montparnasse’ abestian. Abestiak badu amerikar erroetako musikaren kutsua eta tren geltokiaren zera horrek ere argi uzten du abestia nondik eta nora doan. Atzetik, ordea, kanturik zuzenak ematen dio segida diskoari, ‘Fuck The Police’ abestirako Lágrimas de Sangre talde kataluniarreko kideak eta Luicidal talde kaliforniarrekoak izan dituzte ondoan, bi mundu desberdin baina mezu bateratu bera bizi ditugun garai hauetan presente edukitzeko.
‘Bidea’ kantuarekin ixten da diskoa, urtarrilaren 13 honetan Bilbon egingo den manifestazioari begira kantu aproposa, bidea bukatzeko azken pausuan baitaude euskal preso eta iheslariak. Horren harira, otsailaren 24an izango da hurrengo aldiz zuzenean Esne Beltza taldea, Landako Gunean, Durangon, 40 minutu rock jaialdian. Jaia bai, aldarrikapena ere bai. Eta hor, beti izango du tokia Esne Beltzak.