IRRATIA

Iñaki Soto: «Memoriak gure posizioen alde egin du»

Urte hasierarekin batera Artefaktuaren misterioa argituko da. Iñaki Soto, GARA egunkariko zuzendariak «memoriaren inguruan ariketa kolektiboa egiteko bitarteko polit» gisa definitu du. 1977az gerozko jazoeretatik abiatuta, bi pieza sortuko dira egunero: «orokorra eta harribitxia».

Iñaki Soto, GARA egunkariko zuzendaria. (Andoni Canellada | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Artefaktuak zuzeneko lotura izango du EGIN, EUSKADI INFORMACIÓN, GARA eta NAIZ hedabideek azken 47 urteetan egindako kazetaritza lanarekin. Iñaki Soto, GARAko zuzendariak burutu den lana balioan jarri du NAIZ Irratian. «Saiatuko gara erakusten ze puntutaraino herri hau ezberdina izango zen, baldin eta prentsa independentea existitu ez balitz», esan du.

Ia bost hamarkadako lana berreskuratzeaz gain, NAIZ eta GARAko komunitatea zein erakundeak eta kolektiboak «memoria ekimen kolektiboan» parte hartzera gonbidatu ditu Sotok. «Ideia da berreskuratzea 47 urte hauetan zer gertatu zaion eta nola bizi izan duen. Honela osatzen da memoria bat derrigor partziala izango dena, baina aldi berean ere Euskal Herria azken mende erdi honetan izan denaren irudi erreal bat».

Zergatik 1977az geroztik, GARAK 25 urte baditu?
«Istripu uniformatu baten ondorioz» hedabidea bitan jaio dela baieztatu du GARA egunkariko zuzendariak. Gogoan du EGIN egunkariaren itxierak GARA egunkariaren ibilbidea baldintzatu duela. «Baltasar Garzonen ekimenez, espoliazioaren zor ditxosoaren menpe bizi izan gara. Hamasei urtez erabat baldintzatuta, begiratuta, etengabeko presio eta boikotarekin egon gara. Orain arte ezin izan da Ibilbide traumatiko horren kontakizun osoa egin». Gaur egun, berriz, hiru milioi euroko zorra ordaindu duten harpidedunen «babesari esker» proiektuaren biziraupena ziurtatzea lortu dela nabarmendu du.  

Balantzea eginez, Iñaki Sotorentzat GARA egunkariaren mende laurdena «borobila» izan da, eta azken 47 urteak «esanguratsuak». «Hor dagoen kazetaritza independentearen ondare guztia berreskuratu behar genuen», zehaztu du. Halaber, Artefaktua «transmisio kultural eta intelektualerako» bitartekoa ere izango dela sinetsita dago. «Artefaktuak erakutsi nahi du ze gauzetan asmatu genuen, zeintzuk izan diren gure porrot kolektiboak eta nola bizi izan ditugun eta nola berrosatu garen. Horregatik, 1977a nahiz eta urte biribila ez izan, bazen garaia kazetaritza tradizio sendo bat badagoela esateko».

Artefaktuaren mekanika
Artefaktuaren egun bakoitzak «gai nagusi bat» izango du. Honela, erredakzioak bi pieza ezberdin sortuko ditu: «orokorra eta harribitxia». Azken hauek garaian argitaraturiko elementuak dira. «Arrazoi ezberdinengatik interesezkoak dira», Iñaki Sotok esan duenez. FOKU argazkilaritza agentziarekin, Artefaktuak azken hogei urteetako fotokazetaritzaren ibilbidearen bilduma bat izango du. Azkenik, harpideek argazki, irudi edo esaldi baten bitartez ekarpena egiteko aukera izango dute. 2021. urtean banatutako agendari dagokionez, harpidedunek egunero bertan zerbait jar dezakete.

Oroimen ariketa
Kontakizunaren borrokaren aroan, Iñaki Sotok ahots propioa izatearen garrantzia nabarmendu du. «Guk ez badugu kontatzen, beste inork ez du kontatuko eta badaude ez kontatzeko interes handiak. Bestela, argi eta garbi irudikatzen da hemen badagoela herri bat zazpi probintzia dauzkana, ondare bezala duen hizkuntza bat. Horiek babestu eta garatu behar dira irizpide argi batekin: eskubide guztiak, pertsona guztientzat, herritar guztientzat».