IRRATIA

'Betazalak'

'Betazalak' diskoa aurkeztu digu Xabi San Sebastianek Paraleloan saioan. Betazalak zabalik kanpora begira, eta betazalak itxita barrurantz begira jarriko gaituzten 10 kantu jaso ditu bertan musikariak

Xabi San Sebastian (ihintza-Chlöe HARGOUS)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Kantuak daude eta destilatutako kantuak daude. Presaren eta istantearen emaitza direnak eta tantaketa luzearen emaitza. Bigarren taldean kokatuko nituzke disko honetakoak, tentuz eta tantoz tanto egindako lanaren fruitua baita Betazalak» Harkaitz Canoren hitzak dira, Xabi  San Sebastianen azken lanari buruz.  Eta horrelaxe ondu du musikariak 'Betazalak', artisau lan bat izan da hitzez hitz, doinuz doinu, eskuz eta bihotzez eraikia.

Musikariaren Irlanda, Eskozia edo Ipar-Ameriketako folk doinuen entzunaldien zertzelakak dituzten 10 kantuk osatzen dute diskoa, erroan  edo ariman beharbada, Xabier Leteren begirada kritikoa dutenak (Leteri buruzko 'Loreak eta zauriak' ikuskizunarekin buru-belarri ibili da azken urteetan San sebastian).

Doinuak beste harrapatzen gaituzten hitzak jasotzen dituzten kantuak dira,  Beñat Gaztelumendi, Harkaitz Cano, John Milton, Iñigo Astiz eta Xabi San Sebastian Berak sortuak. Doinutik hitzera egindakoak dira batzuk, hitzetik doinura besteak, eta bada donutik hitzera eta hitzetik beste doinu batera bidaiatu duen kanturik ere: Iñigo Astiz-en hitzak jasotzen dituen 'Lerro etenak' zoragarria kasu.

Lezoti estudioan grabatutako diskoan ametsetako banda izan du lagun Xabi San Sebastianek:Karlos Aranzegi baterian, Nando Neira koontrabaxua eta baxuarekin,  Quico Pugès txeloarekin, Arkaitz Miner biibolinarekin, Satxa Soriazu teklatueta, Pello Gorrotxategi eskusoinuarekin eta  Nahia Valleren  ahots ederra Konpai kantuan . Xabi San Sebastian bera entzungo dugu abesten, baita  gitarrak eta  ukelelea jotzen ere.

Durangoko azokan izan du  diskoa zuzenean aurkezteko aukera eta  gozo hartu du publikoak. Data berrien zain geratuko gara, larunbat honetako emanaldi berezira joaterik izango ez dugunok (bere haurraren ikastolan emanaldia eskainiko du). Eta zuzenekoak iritxi bitartean, egun busti eta hotz hauetan bidaiatzeko, edo egun busti eta hotz hauetatik bidaiatzeko?Bietara ere, lerroz lerro lagunduko gaituen soinu banda.