«Haientzat objektu bat gara, bi esku. Baldintza hobeak behar ditugu»
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin bat egingo du Arrasateko etxez etxeko zerbitzuko langile den Karmele Loitik. Gizartearen zahartzearekin zerbitzuen eskaera asko handitzen ari dela nabarmendu du, baina, beharko litzatekeenaren kontrara, lan baldintzak oso kaxkarrak direla dio.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Karmele Loiti Arrasateko Udalak kanpo eragileen bidez eskaintzen duen etxez etxeko laguntza zerbitzuan ibiltzen den langile horietako bat da. Udalak ematen du, enpresa baten bitartez. «Tira, lana guk egiten dugu. Enpresak kudeatu egiten du», dio txantxa artean. Aurten Bartzelonako enpresa baten bitartez egin dute lan. Kontratua amaituta, hemendik aurrera Bilboko Aurrerantz kooperatibarekin egingo dute.
Arrasaten 30 bat lagun dabiltza etxez etxeko laguntza zerbitzuan, plantilla handitzeko aukerarekin beharren arabera. Eta hain zuzen behar horietan egin du azpimarra Loitik. Izan ere, prekarizatutako eta sarritan gutxietsitako sektorea bada ere, errealitatea da zaintzen beharrak orokorrean eta etxez etxeko zerbitzuarenak batik bat, areagotuko direla datozen urteetan, Loitik gogora ekarri baitugu, gurea, zahartzen ari den gizarte bat dela.
Eta aurreiritziek adierazi dezaketenaren kontrara, Loitik azaldu digu etxez etxeko laguntza zerbitzua, adinekoez arduratzea baina askoz ere gehiago dela, besteak beste dependentzia mota ezberdinak dituzten pertsonekin lan egiten dutelako: gazteekin, umeekin… Etxez etxeko zerbitzua arlo gehiagotara hedatzen ari dela dio Loitik. Hau da, zaintza lanekin loturiko geroz eta egiteko gehiago direla.
Arrakalen barneko arrakalak
Loitik zehaztu nahi izan du berak Arrasateko Udalarentzat egiten duela lan, nolabait erregularizatutako eskubideekin. Baina sektore publikotik at etxez etxeko langile askok arlo pribatuan egiten duela lan dio, eta bertan askoz ere zalantza gehiago pizten dituela langilearen egoerak: «Zulo handi bat dago hor». Aipamen berezia egin nahi izan die paperik eta egoera irregularrean zaintzen arloan dabiltzan emakume etorkinei. «Ikusi nahi ez duena itsututa dago».
Protesta ziklo baten ostean, berriki lan hitzarmen berria sinatu dute Arrasateko etxez etxeko laguntza zerbitzukoek. Baldintzak hobetu dizkiete bai, baina ez da erotzeko moduko ezer: «Urrun gaude, asko falta da hitzarmen on bat izateko». Loitiren esanetan, langileen lan baldintzak duintzea soldata igoera soil bat baino gehiago da. Kontratu partzialak, zonifikazioaren beharra, soldata finkorik ez izatea... Oraindik ere hobekuntzarako tarte handia dagoela dio.
«Etxe barruko zuloak», kalera
Azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorraz galdetuta, esker hitzak besterik ez ditu Karmele Loitik greba antolatu eta babestu duten talde feminista eta eragile politiko eta sozial guztientzat. Ikusgarritasuna garrantzitsua dela deritzo: «Kalean zulo bat badago edo farola bat hausten bada herritar guztiok ikusten dugu, eta kexatzen gara. Baina etxe barruan? Etxe barruan zuloak nola konpontzen dira?»