IRRATIA

«Badakite ofizialtasuna emanez Pandoraren kutxa irekiko luketela»

Korsikak jakobinismoaren oinarriak zalantzan jarri ditu berriki Frantziako Gobernua autonomia proposatzera behartuz. Azken urteetan abian zen subiranotasun grina indartu zuen Yvan Colonna militantearen erailketak 2022an, bereziki gazteen artean, Joritz Larraza historialariaren iritziz.

"Testa Mora" deritzo Korsikako ikur nazionalari (Guillaume FAUVEAU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Paradisu turistikoaren atzean, bere kulturaz eta hizkuntzaz harro dagoen herri bat dago. Burujabetasuna aldarrikatzen duen herri bat. Korsikara egin du aste honetan Mundu Bat Herrik. Eta nahi duen hori lortzeko borrokarako prest eta antolatua dagoen herri bat da korsikarra. Horren eredurik argiena, Eliseoak tabutzat jotzen zen urrats bat eman behar izan zuela. Irailean uhartera egindako bisita ofizialean, «autonomia modu» bat eskaini zien korsikar alderdi politikoei Emmanuel Macronek. Muga argi bat zuen proposamen bat dena den; korsikeraren ofizialtasuna ez baitago mahai gainean. Macronek ongi daki ofizialtasunak suposatu dezakeena, hainbat urtez Korsikan bizi izan den Joritz Larrazak azaldu duenez, «badakite ofizialtasuna emanez Pandoraren kutxa irekiko luketela».

Korsikar kultura, politika eta hizkuntza ongi ezagutzen ditu historialari urruñarrak, eta autonomia eskaintzak estatuaren baitako herri gutxituek duten burujabetasun nahi gero eta handiagoari men egiten badio ere, uste du badagoela Parisen intentzionalitate argi bat ere. «Estrategia politiko bat da ziur asko» Larrazaren esanetan, kontraproposamena egiteko sei hilabeteko tartea baino ez dielako egin gobernuak Korsikako Asanbladako alderdiei. «Ikusi behar da ea korsikarrek boterea lortzen duten benetako autonomia batentzako».

Arlo instituzionalean eman litezkeen urratsak gora-behera, kaleak dira uhartearen giro politikoa markatzen dutenak. Zentzu horretan Frantziako espetxe batean zegoen Yvan Colonnaren erailketa beste preso baten aldetik «altxamendu bat» eragin zuela ekarri du gogora urruñarrak, «gizarte txiki bat da Korsikakoa, denak elkar ezagutzen direnez arras kolpatuak sentitu dira Yvanen heriotzarekin».