IRRATIA

Eguneroko dardarak

2023an Raul Guerra Garrido literatur beka berriaren lehen irabazle izendatu berritan Paraleoan izan dugu Nerea Loiola idazlea.  Helduei zuzendutako bere lehen lanaz, ‘Epizentroa’-az,  sortzaile izateaz, eta sorkuntza prozesuaz aritu zaigu besteak beste idazlea.

Nerea Loiola (Imanol Epelde)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Gehiago ere bada, askoz gehiago, baina  Nerea Loiola idazlea da. Kanpotik horren  natural ikusten dugun izendapen hori ordea, norbere buruari ematea, baimentzea ez da beti horren sinplea izaten. Matematikako irakasle, izerdi anadanak botata oposaketak atera ostean etorri zitzaion  gazte garaitik godeta zuen idazteko bulkada. Bulkada, barrutik, baina idazketa ofizio hartzeko baimena kanpotik: Eusko Jaurlaritzak emandako beka bat izan zen Nerea Loiolak idazle izateko bisa eman ziona. ‘Epizentroa’ izan zen emaitza, zazpi narrazio biltzen dituen  lan dardarkaria.
Zazpi ahots, zazpi emakume ahots, zazpi une, zazpi leku, zazpi denbora… baina baita  zenbakietan jaso ezin daitezkeen lurrikarak ere. Eguneroko lurrikarak, ez beharbada ikusgarrienak, ez beharbada dramatikoenak, ez beharbda zalaparta gehien sortzen dutenak. Baina egunerokoak. Etenik gabekoak, deskantsurik ematen ez dutenak.  Ohartzerako erraiak higatzen dituzten  dardara txikiak. Amildegiaren aurrean pausarazten gaituztenak. Bertan geratu. Atzera jo. Salto egin. Dardara emozionalak.
Bere idazle, sortzaile bilakaeraz, eta bere sortze prozesuaz hitz egin digu Nerea Loiolak Paraleloan, Raul Guerra Garrido beka berriaren irabazle dela jakin berritan. Beste baimen bat. Urtebetez idazle lanetan modu duin batean bizitzeko baimena besteak beste. ‘Ardi galduak’ du oraingoz izena proiektuak, eta narrazio bilduma bat izango da hau ere.