Urriaren 30etik azaroaren 5era egingo da Sormene jaialdia
Udazkenarekin batera, badator 2023ko sormene jaialdia ere, urriaren 30etik azaroaren 5era, Galdakao, berriz ere kulktur sortzaileen plaza izango da. Gotzon Barandiaran, Sormeneko zuzendari Artistikoak eman dizkigu egitarauari buruzko xehetasunak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Badator Sormene jaialdia, urriaren 30etik azaroaren 5era aurtengoan ' zaintza' ardatz hartuta. Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea baina, bai baita gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea ere Gozon Barandiaran Sormeneko zuzendari artiskoak azaldu digunez eta honek lotura zuzena du transmisioarekin ere.
Horiek guztiak kontutan hartuta eta testuinguru berezian egingo da 2023ko Sormene jaialdia, azaroaren 4an manifestazioa egingo dela Bilbon, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra eta azaroaren 30ean berriz greba feminista orokorra izango da, honek ere zaintza ardatz duelarik.
Jaialdia emakume musikarien inguruko solasaldi batekin hasiko da, 'Genealogia berri baten beharra» izenburupean gauzatuko dena. Garazi Navas, Lide Hernando, Maria Rivero eta Aintzane Camara izango dira solaskide eta Ihintza Orbegozo moderatzaile. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen garaitik orain arteko bidea landuko dute mahai inguruan.
Tailerrak ere egingo dituzte. Bi izango dira, eta ikastetxeetan egingo dituzte. Lehena antzerki tailerra izango da urriaren 31an, eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak zuzenduko du. Azaroaren 3an, berriz pandero ikastaroa izango da Maixa Lizarribarren eskutik. Arratsalde horretan bertan, bertso saioa izango da. Emakumezko sei bertsolari arituko dira kantuan Maite Berriozabal-ek jarritako gaien inguruan. Ondotik, Ibil Bedi-ren kontzertua izango da, 'Goldea' lana aurkeztuko dute.
Jaialdia isteko ESAS sareko emakume artistekin elkarlanean, hainbat musikarik kontzertu bat emango dute, eta Liberen Goitiaren 'Fast fatum' liburuko poemetan oinarrituta.
Bestetik Galdakaoko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak sormen beka berri bat jarriko dute abian Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien pandero jotzaile galdakoztarren biografiak idaztko helburuarekin. Zuloaga eta Irigoien Mauriziaren garaikideak izan baziren ere ez dira horren ezagunak. Itzalean geratutako hainbat emakumeren jarduna argitara ekartzera dator beka.