IRRATIA
Elkarrizketa
Aitor Etxebarria
Musikagilea

«Beti pentsatzen dut: ‘Espero dut hau nire lanik onena izatea’»

Aitor Etxebarriak suaren koloreen gama hartu du oinarritzat  ‘El Cuerpo en llamas’ telesailari soinu banda jartzeko. Telesailak eta soinu bandak, biek ala biek sekulako kritikak jaso dituzte. Sekretua osagaietan dago Etxebarriaren esanetan, primerako lehengaiak dituelako: punta-puntako lan taldea.

Aitor Etxebarria musikagilea. (Maialen Andres | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Galdetu behar nizun ea ze doinu duen sutan dagoen gorputzak, baina ez dakit galdera egokia den. Hasteko, gorputz guztiak ez dira berdinak, eta su guztiak ere ez. Telesailean ere, era ezberdinetako suei jarri behar izan diezu doinua.

Ez da erraza galdera. Arte zuzendari nagusi Jorge Torregrosak eta, Arcadia Motion Pictures eta Netflixeko ekipoarekin egina dugu koloreen gaineko gogoeta, nola sua egon daitekeen gorri-gorri, baita horia ere, eta hor dinamika bat sortzen da; ikusleak eroan dezake gorrirantza edo zurirantza.

Beraz, musikak ere koloreak ditu.

Bai; nik egin ditudan disko zein soinu bandetan, beti irudikatzen dut ze kolore gustatuko litzaidakeen edukitzea. Eta aldi berean, kolore bat ez da berdina pikorrak dituen horma batean edo marruskadurarik ez duen batean, testurak ondo aukeratzea ere oso garrantzitsua da. Hau da, askotan jendeak melodiari eta harmoniari ematen dio garrantzia, baina nire kasuan ze soinu duen, ze marruskadura, horri ere garrantzia ematen ahalegintzen naiz.

Kolorea eta gorputza ere gehitzen diozu orduan.

Hori da, ez da berdin gorputz bat edo beste bat erretzea.

Irailean estreinatu berri da ‘El cuerpo en llamas’. Jorge Torregrosa eta Laura Miñas ditu zuzendari eta, antzezle bezala, Ursula Corbero edota Quin Gutierrez, besteak beste. Sekulako onarpena izan dute, bai telesailak eta baita zure soinu bandak ere.

Bai bai, itzela izaten ari da. Twitterren begirada bat bota eta 30 segundoro ‘El cuerpo en llamas’ agertzen zaizu, pasada bat da. Gertakaria bera izugarria da, gidoiak indarra du eta Ursula Corberok ‘La casa de papel’-ekin izan duen internazionalizazioarekin... Quim Gutierrez ere oso ezaguna da eta Arcadia Pictures da ekoiztetxea. Osagaiak kristorenak ziren.

Eta musika ere oso kritika onak ari da izaten. Estatuko egunkari nagusienetako batzuetan, lehen erreseinetan ‘Aitor Etxebarriaren musika erabaki ona izan da’ eta halakoak esan dituzte.

«Halako produktu bat dagoenean, arrakasta bai ala bai izango duena, nik ezin dut huts egin musikarekin, hor bada presio bat»

Kasu honi eta telesailari buruz ezer ez dakien bati nola laburbilduko zenioke ‘El cuerpo en llamas’-en trama?

Benetako gertakari bat da da, Bartzelonan gertatu zena. Triangelu bat dago, Albert, Pedro eta Rosa Peral-en artean: epaiaren arabera, Rosak eta Albertek Pedro hil eta bere gorpua auto batean erre zuten, Pantano de Foix-en. Horren inguruan gertatzen dena da telesailaren oinarria.
Lehen kapituluetatik argi dago nork hiltzen duen nor, baina pertsonen arteko tirabirak daude eta 7-8. kapituluetan ikusten da epaiketan ze erabaki hartzen den.

Jorge Torregrosarekin lehen ere lan egin zenuen, ‘Intimidad’-en.

Lan egiteko era ez da izan oso ezberdina. Eroso sentitu naiz, berak konfidantza handia du nigan eta hori eskertu egiten da. Halako produktu bat dagoenean, arrakasta bai ala bai izango duena, nik ezin dut huts egin musikarekin, hor bada presio bat. Baina gero, horrenbeste konfidantza ematen didanez eta artistikoki nik ere parte hartzea sustatu duenez, haserako bertigo hori –milioika pertsonek ikusiko dutelako!– normalizatu egiten du. Serie oso ezagunak egin ditu baina bere lan egiteko modua oso normala da, eta horrek eroso sentiarazten zaitu.

Zuk baduzu lan egiteko modu nahiko berezia. Orohar, konposatzaileek irudi batzuen gainean egiten dute lan, baina Aitor Etxebarriak lehen lerroak irakurtzerako notak hor ditu saltoka.

Bai, hala da. Ohikoena da irudiak eduki arte ez hastea lanean, baina ni gidoia eskuartean dudanean hasten naiz konposaketak egiten. Eta, izatez, kasu honetan, antzezleekin lehen kamara testak eta jantziteria frogak egin zirenean, musika orijinalarekin egin ziren. Netflixera bidaaali eta ‘baina, eroak zaudete? Jada musika orijinalarekin?’, esan ziguten. Frogak egiten genbiltzala erantzun genien.

Niretzat, arte guztiek egon behar dute lotuta, arte zuzendaritzak, jantziteriak, eszenografiak... denok estetika artistiko bat bilatzen dugulako eta uste dut elkarlan horrek lagundu egiten duela.

Eta ez dizu bertigorik ematen? Gidoia irakurtzen duzu, zure irakurketak agertoki batera eramaten zaitu eta gerta daiteke oso urrun egotea besteek hartu duten bidetik...

Hori ere ondo dago. Ekainean gidoia jaso ostean, zuzendariari hamabost hurbilketa aurkeztu nizkion. Guay dago beraiek ‘hau bai eta hau ez’ esatea, hor bidea egiten zoazelako. Eta errespetu kontua ere bada: nik urte eta erdi daramat prozesuan baina beraiek agian lau urte eginak dituzte eta badute imajinario estetiko bat. ‘Ez’-ak dituzunean errazagoa da bidea topatzea.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Eta nola funtzionatzen du zure makinaria horrek? Gidoia jaso duzu, ideiak bota dituzu, galbahea pasa duzu... eta hori nola hasten da gorpuzten?

Telesailen eta filmeen prozesua ezberdina da. Nire lana berdina da, baina montajeko taldea lanean jartzen denean, zuzendari eta ekoizleei lana erakusteko, oso komunikatuta egoten naiz haiekin. Askotan gertatzen da musika montatu gabe badago hasten direla montatzen beste soinu banda batzuekin, baina, ni estudioan egoten naizenez, esaten diet pasatzeko eta hasiko naizela melodiak, erritmoak etabar sartzen, eta hori beraiek asko eskertzen dute. Eta egunero funtzionatzen da horrela, kapituluak ixten diren arte.

Arteaz aparte, hor lan asko dago: ez da soilik sorkuntza.

Jendeak pentsatzen du musika egin duzula eta lixto, eta ‘baina zuk ikusi duzu telesaila?’ galdetzen dizute. Noski, 30 aldiz gutxienez! Badago agian inbolukrazio gutxiago duen jendea, orkestrarako piezak pasa eta prozesua muntaiekoen esku uzten duena. Nire kasuan, muntaiakoek botatzen dute euren zatia eta nik musika, elkarlana handia da eta niri ahal denetan horrela lan egitea gustatzen zait.

Orkestrazio osoarekin egindako piezak ere sartu dituzu, koroekin eta guzti. Argi izaten duzu melodia bakoitzari zer instrumendu dagokion, edo gerora dator hori?

Argi eduki nuen, epaiketa bat zegoenez, orkestra pieza batzuk grabatu nahi nituela. Ez dakit zergatik irudikatu nuen horrela. Gidoia irakurtzean, espazio handi bat irudikatu nuen non epaiketa bat egingo den, jende askorekin, ziurrenik jendearen zarata eta ‘hiltzaile!’ oihuka... hasieratik, pieza potente bat etorri zitzaidan burura: espazioa bera handitu egiten du. Orkestrarako sei pieza handi egin genituen, eta jende askok lagundu dit.

Non grabatu dituzue? 

Hemen, Oiartzunen, Mecca estudioetan. Hemengo jendearekin grabatu dugu eta Haizea Huegunek lagundu zidan orkestrazioak amaitzen, Bilbao Sinfoniettak jo du, Irene Prietok lagundu dit pianoarekin, Xabi Zeberiok... Ni oso imajinatiboa naiz, baina ez dut ikasi beste zenbaitek ikasi duten beste, eta haiengana jo dut.

«Jendeak pentsatzen du musika egin duzula eta lixto, eta ‘baina zuk ikusi duzu telesaila?’ galdetzen dizute. Noski, 30 aldiz gutxienez!»

Jakin behar da ate joka norengana jo ere.

Nik beti esaten dut zortea dudala: ekipoa egina dut eta ondo funtzionatzen dugu. Egia da agian beti egon naizlea erosoago ensemble txikientzat konposaketak egiten, laukoteentzat, elektronika eta orkestra txiki bat... baina hau izan. da orkestra bastante konplexu bat.

Azkenaldian soinu banden munduan zabiltza. Pedro Almodovar-en El Deseo produktoraren ‘Mentiras pasajeras’-en soinu bada ere zurea da.

Urte eta erdi egon naiz bi telesail hauentzat musika egiten, ia paraleloan. Zortzi urte daramatzat soinu bandak egiten, baina etorri berri bat bezala sentitzen naiz, nahiz eta egia den ondo funtzionatzen baduzu zinema munduan lana etorri egiten dela; konfidantzazko jendea nahi izaten da.

Etxean nengoen arroza egiten, eta telefonoa: ‘Esther garcia naiz...’, Almodovarren managerra. Entzun zuela nere lanen bat, pasa ziotela nire telefonoa eta nola ari ziren telesail bat egiten, Almodovarrek ekoitzia, Felix Arroso zuzendari... Rollo almodovariano eszentriko bat da, umore elitista bategaz, oso interesgarria. Eta soinu banda ere oso ezberdina da. Uste dut urriaren 9an irtengo dela.

Madrilen bildu nintzen beraiekin. Nik uste dut lan honek asko duela psikologikotik, zer nahi duten ulertu behar duzu, ze gustatzen zaien. Nik badakit nire lagunari gerizpean jartzea gustatzen zaiola eta kafea baino nahiago duela garagardoa. Beraiek ze arte mota duten gustuko, ze musika, hori ulertzen baduzu lanaren zati bat egina duzu. Badakizu zer nahi duten, eta zer espero duten zutaz.

Iaz estreinatu zen beste pelikula bati ere jarri zenion  soinu banda, ‘El radioaficionado’. Hor ere lan bikaina egin zenuen. Esan duzu, ez dela gauza bera filme bati edo telesail bati soinu banda jartzea.

Nik berdin hartzen dut, ez dena berdina metrajea da, eta dinamika. Pelikularen kasuan, zinema jaialdiren batean parte hartu behar ote duen edo ez, entrega epea ez dago hain argi eta denbora gehiago egon zaitezke jolasten itxi aurretik. Pelikula txiki bat zen, nahiko undergrounda, Zinemaldian estreinatu zena.

Produkzio handiek badute bere alde ona, ze estudiotan egoten zaren eta ze jende eta baliabiderekin, baina ekoizpen txikiek ere izango dute bere xarma.

Bai, noski. Gu azkenean basatzatik gatoz, ni ez naiz hor goian hasi, urteak daramatzat nire bidea lantzen jende askoren laguntzarekin, haiek ere basatzan egon direnak. Eroso sentitzen naiz ekoizpen handi eta txikietan eta lan guztiak hartzen ditut berdin, beti pentsatzen dut ‘Espero dut hau nire lanik onena izatea’. Handi zein txiki, datorren hilabetean gehiago jakingo dudanez hobeto aritzea edo erabaki hobeak hartzea espero dut, prestatuago nagoelako. Berdin zait film labur bat edo sekulako arrakasta izango duen telesail bat den.