IRRATIA

«Oraindik ere kosta egiten da oinarrizko eskubideez ari garela ulertzea»

Espainiako Kongresuak asteartean onartu zuen hizkuntza koofizialetan hitz egiteko aukera emango duen lege aldaketa. Europar Batasunak ere izan zuen eztabaidagai, baina erabakia atzeratu du. Idurre Eskisabel Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusia geurean izan da, azken gertakari horiek aipagai.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Atsekabez hartu du Euskalgintzaren Kontseiluak Europar Batasunak hizkuntza koofizialen erabilerari buruzko erabakia atzeratu izana. Eta are gehiago atsekabetu ditu Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak berria izan ostean esandakoak, espainiar Estatuak ofizializazio prozesuan katalana lehenetsiko duela aditzera eman baitzuen. Bereizketa hori ika-mika sortzeko baliatu izanak kezka sortzen dio Eskisabeli. Izan ere, gutxituak daudenak etsaitzea menperatzaileen estrategia ohikoa izan dela nabarmendu du. Alderdien arteko tirabiretan sartu nahi ez duen arren, espainiar Estatuko testuinguru politikoa elementu baldintzatzailea dela azaldu du. Dena den, arreta hizkuntz eskubideen defentsan jarri du.

Katalunian ez bezala, Euskal Herritik ez da hainbeste presio instituzional ezta sozial ere artikulatu Europar Batasunean euskararen ofizialtasuna lortzera bidean. Eskisabelek azaldu du garrantzitsua dela kontuan hartzea egun euskara ez dela ofiziala Euskal Herri osoan eta, horrez gain, ofiziala den lurraldeetan ere trabak handiak direla, azken judizializazio kasuak dira horren lekuko. Hala eta guztiz ere, euskararentzako onuragarria izango denaren zalantzarik ez du, hizkuntzaren prestigiatzean lagunduko baitu. Europan oraindik ez, baina Espainiako Kongresuan astearte honetan entzun zen lehen aldiz euskara. Begi onez ikusi du urratsa Kontseiluak, nahiz eta aitortu berandu iritsi dela.