Oso latza izan zen
Joxe Arregiren hil aurreko azken hitzek ematen diote izenburua Xabier Mendigurenen azken liburuari. Paraleloan izan da idazlea 'Oso latza izan da' aurkezten.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Oso latza izan da. Lau hitz. Lau hitz baino ez zituen behar izan Joxe Arregik heriotzera eraman zuten torturak deskribatzeko. Edo beharbada, lau hitz hauek baino ez zizkion eman itzaltzear zuen hatsak.
Oso latza izan da, jaso zuten zelda-kide zutenek pilota batean gordeta kartzelako harresietatik kanpo jaurti zuten gutun hartan.
Oso latza izan zen, Joxe Arregiren amarentzat, Madrildik ondo zigilatuta eta irekitzeko debeku esplizituz etorri zen egurrezko kutxa hark eutsi ezin zuen min hura ezin laztandu, ezin kontsolatu izana.
Bazekiten, oso latza izango zela, Juan Kruz Uzurrunzagak eta Bixente Ameztoik ere, lurperatu berritan hilobitik aterako zuten gorputz izandako gorpua begitantzea.
Oso latza izan da, esan zuen Joxe Arregik.
Oso latza izan zen.
Horregatik Xabier Mendigurenek gertakizun haien kronika literarioa egin duenean ez du beste aukerarik izan izena jartzerakoan: 'Oso latza izan da'.