Ekiñe: «Musikan topatu nuen nire burua adierazteko modua, barruko korapiloak abestuz azaltzeko»
Ekiñe kantaoture arrasatearrak 2021. urtean 'Besterik ez' izeneko lehen disko laburra kaleratu zuen, bost abestiz osatutako estreineko lana. Elkarrizketa akustikoetara gonbidatu dugu artelanez, musikaz eta terapiaz hitz egiteko.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Txikitan trikitilari eta panderojole gisan asko ibili zen Ekiñe Casado, baina adierazi digu, kitarra hartzen ere nola hasi zen, pixkanaka, instrumentu honen bitartez bere espresatzeko bidea topatuz. «Abestiak jotzen nituen, bertsioak gehienbat, baina konturatu nintzen nahi nuela nirea zen zerbait sortu. Artelana izan zen lehen abestia».
Letrei ere garrantzia handia ematen die Ekiñek bere lanean, zaurgarritasun, barne begirada eta edonork barnean dituen desoreka horiek lehenetsiz. Estreineko lanean kolaborazio batzuk izan zituen hitzetan, baina gaurko saioan aitoru digu «Orain nik idazten ditut letra guztiak, eta gainera hori izan ohi da nire abiapuntua edozein abesti berri sortzeko».
Kantuak naturalki atera zitzaizkiola aipatu digu, uneko korapilo eta ezinegonei erantzuteko modu bezala, esan nahi dena nondik egiten den lehenetsiz, nola baino. Bidean etengabe aipatu digu inguru sano batek eman dion indarra, etengabe goretsi du elkarlana eta bere gertukoek etengabe ematen dioten babesa.
Eta oholtza etorri zen gero. Bidean, aitortu digu asko kosta zaiola oholtzari tamaina hartu eta bertan eroso sentitzea, etxeako intimidadean ondutakoak plazaratzen, baina hortxe dabil.
Erreferentzien inguruan galdetu diogu eta Arrasateko musika giroa azpimarratu nahi izan du, bertako taldeak baitziren gehien entzuten zituenak. «Erreferenteak? Gose, punk-a, eta gitarrarekin egindako musika lasaia izan dira gehien bat». Gose aipatu du, eta bere lehen EPko une batean Ines Osinagaren ahotsa atzeman daiteke, artea edo sorkuntza nondik eta nola egiten denaren inguruan hausnartuz.
Etorkizunerako planen inguruan galdetuta, heldutasun osoz erantzun du Ekiñek gauzak bere moduan egin nahi dituela, presarik gabe, bere errtimoan. «Zer etorriko den? Egia esan, ez dakit, ni sortzen eta gozatzen ari naiz».