Jokin Azpiazu, OLOR: «Esperantza ez da itsua, esperantza egin eta sinestu egiten da»
'Esperantza' izeneko bigarren lana aurkeztu digu Jokin Azpiazu, OLOR-ek Paraleloan saioan. Kapitalismoaz, sozialismoaz, bizitzaz eta heriotzaz, amodioaz eta desamodioaz, borrokaz edota plazeraz hitz eginez bere lanaren barrunbeak ezagutu dtugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Esperantza du izena Jokin Azpiazu, OLOR-en disko berriak. Eta horixe izan dugu solasaldiaren abiapuntu, eta amaiera zehatzik gabeko haria ere. Jokin Azpiazuren esperantzari buruzko jardunak, harrapatu gaitu «Esperantza ez da zerbait itsua, ez da jarri eta itxaron, zerbait iritsi zain, gauzak ondo joango diren esperoan esperantza da zerbait egitea, jakinda zeozer egiten badugu buelta eman diezaiokegula egoerari» bota dizkiogu aurrez berari lapurtutako hitzak.
Eta esperantza aktiboaren aldarri horretan, ekarri dizkigu gogora, besteak beste, Jose Esteban Muñoz jatorri latinoko ikertzaile eta politologoaren pentsamoldea, aipatu Queer utopia, marxismo esoterikoa.
Hitz egin digu langile klaseaz, denboraren lerroak hausteaz ez al da bada esperantza, neurri batean iraganeko zerbait orainera ekartzea, etorkizunera botatzeko? Benetako hausteaz prozesuak badituztelako (gutxienez) bi zeregin: egitea eta sinestea. Gurean iraultzaren mistizidadeari horrelako garrantzirik ez diogula eman dio (nostalgia, inbidia tanto bat antzeman daiteke hitz horietan?).
Kokoteraino urte biz aipatu eta berriz ere bi mendez aipatu nahi ez genukeen hitzaren itzala ere gertu ibili dugu: pandemia. Izan ere, hitzen bat desitxuratzeraino erabili bazen (bazuten?) esperantza izan zen: izan dezagun esperantza, zenbat aldiz entzuten ote genuen? Izan esperantza (izan, ez bururatu ere, ordea, esperantza egiterik).
Izan ere, esperantza egin, eta sinetsi egiten da Jokin Azpiazuren hitzetan, baina beharbada, esperantzak sinestu eta egin egiten direla esan beharko genuke. Esperantza ez delako bakarra, esperantzez hitz egin digu estudioko leihotik, beiraz bestalde ikusten den Kutxabankeko eraikinari erreparatuz: «Kutxabankeko exekutibo baten esperantza eta gurea, ez da bera».
Bizitzaren merkantilizazioaz hitz egiten dute bere abestiek, nola saldu eta erosi, erosi eta saldu zurrunbilo horretan bizitzen ere ahaztu zaigun kasik, edota bizitza bera ere saltzera nola iritsi gintezkeen. Gero eta pilatuago, baina bakartuago, gero eta gero eta bizitza propioagoak, baina ez bizitza subiranoak...«gure bizitzaren bolantea hartzearena erabat faltsua da bizi dugun testuinguruan, baina frustrazioa benetakoa. Kapitalismoak estutzen gaitu erabat».
Segidan dator burua asko nekatu gabe hurrengo galdera: zer da orduan, bizitza bizitzen jakitea? Musikariaren iritziz bizitzen jakitea ez da bakarrik ondo bizitzen jakitea, bada baita ere, elkarrekin ondo bizitzen jakitea. Indibidualizazio horren kontrakoa dira OLOR-en hitzak, «bakar izate hori ez da guk nahi duguna, hori beste norbaiten, beste zerbaiten interesa da».
Jokin Azpiazuren esperantzak paradisu sozialistara garamatza: «Niretzako paradisu sozialista da edonork edonori zakila, alua, edo nahi duena jaten dion leku zoragarri bat. Arimak elkarri jaten dizkiogun leku hori, nolabait. Plazera aldarrikatzen dut, noski, baina ez plazer hedonista eta indibidualista. Kapitalismoaren atea igaro nahi badugu komunismora libertariora, nire kasuan heltzeko, ez da epika batengatik, baizik eta plazeragatik, badakigulako askoz hobeto biziko garela, askoz gehiago disfrutatuko dugula, askoz hobea izango dela dena. Hobeto bizi nahi dut, eta horretarako borrokatzen dut» inoiz entzun dizkiogun hitzak ekarri dizkiogu gogora.
Ametsetako paradisu horretarako bidearen laztasunaz hitz egin digu: «bidea gogorra da, etsaia ez da samurra, eta borroka horretan, gerta liteke helburua ahaztea: bizitzaren gogortasunak sarri nahi gabe garamatza ahaztera zergatik ari garen borrokan, eta pentsa dezakegu etsaiaren kontra ari garela, eta ez da horrela, zu ari zara zure lagunen alde, eta gainera, pentsatu behar da, irabazten badugu, gaurko etsaia biharko laguna izango dela (berriz ere begirada leihora zuzenduta...), seguru asko ez dugu arazorik izango kutxako jefezilloarekin elkartzeko, eta batzuetan galtzen dugu ipar hori».
Nolakoa izango ote paradisu sozialista hori? Zer forma emango genioke? «Nik nahi dut bizi gizarte batean, egunero ni harritzeko gaitasuna izango duena, sistema espantoso honetatik kanpora pertsonak zertarako garen kapaz ikusi ahal izango dena, horrek kriston jakin mina sortzen dit. Ez baditugu 8 ordu lanean eman behar, zertara joko du gure sormenak? Segurki oso guapoa izango da, horretarako ari gara eta hori ahazten badugu bidea askoz gogorragoa da. Horrek ez du esan nahi bidea gogorra ez denik, eta une latzak ere pasako ez ditugunik. Baina ederra da pentsatzea ez zarela ari soilik zerbait desmuntatzeko, baizik zerbait berria sortzeko, eta ez dakizula argi berria den hori zer izango den Paradisu sozialista ezin dugu definitu. Ezta Jokin Azpiazu ere, baina...zer ederra berekin Paraleloan esperantza egin eta sinestea.