IRRATIA

«Zeharkaldietan igarotzen ditugun bordetan memoria eta bizipen asko daude»

Berastegitik Hiru Erregeen Mahaia mendiraino egindako zeharkaldi batean maitemindu zen Aritz Aierbe astoekin. «Emazteak eta biok mando batekin egin genuen Berastegitik abiatu eta pirineoetarainoko bidea. Han hasi zen Astotrek sortzeko ideia indarra hartzen».

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Asko bidaiatutakoak dira eta bizitza filosofia modura hartu zuten mantso bidaiatzearena. «Konturatu ginen bidaiatzeko era polita zela; mantso bidaiatzeak bestela ikusiko ez zenituzkeen gauzak ikusteko aukera ematen dizu eta jendearekin harremanak egiten dituzu, asko hurbiltzen zaizkizulako» esan digu Aierbek.

Astoekin egiteko ibilaldi ezberdinak eskaintzen dituzte Astotreken. Horietako azken egitasmoa, Berastegin jarri dute abian Udalarekin eta Josu Ozaita antropologoarekin elkarlanean. «Martxoko asteburu batean artzain kultura bultzatzeko ekitaldiak egin ziren herrian eta bertan parte hartu genuen; lanketa horri jarraituz, Berastegiko Udala, Tolosaldea Garatzen eta Josu Ozaitaren laguntza izan dugu proiektua hau martxan jartzeko».

Familiak hurbiltzen zaizkie gehienbat eta egiten dituzten ibilaldietan artzaintza bezalako lanbideak erakusten dizkiete bisitariei, besteren artean gaztandegi bat edo bordak erakutsiz. «Artzain kulturan barneratzen saiatzen gara, geldialdi ezberdinak eginez. Borda horietan memoria eta bizipen asko dago. Hemengo umeek, nahiz eta herri txikietan bizi, ez daukate harremanik animaliekin».

Entzun Aritz Aierberekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.