Izan zaitez Wes Anderson, baina TikTok eta Instagramen
TikTok eta Instagram sareetan moda berri bat dago. Wes Anderson zinemagilearen estiloa jarraituz, milaka erabiltzailek 24 segunduko film laburrak egin dituzte. Bigarren Kafean gomendio batzuk eman dizkizuegu estetika hori lortzeko.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Zinemagile ospetsu ugari daude munduan. Nazioarteko jaialdietan sariak irabazten dituzte, euren pelikulen estreinaldietan aretoak betetzen dira, eta aktoreek beraiekin lan egitearekin amesten dute. Gehienek estilo propioa garatzen dute, eta batzuek muturrera eramaten dute nortasun zinematografiko hori. Horixe da Wes Andersonen kasua. Wes Andersonen edozein pelikularen fotograma ikusiz gero, berehala jakin dezakegu bera dela zuzendaria.
Zinemagile estatubatuarrak 1996an estreinatu zuen bere lehen filma, Bottle Rocket, eta ordutik, ikusle ugari liluratu ditu bere arte bereizgarriarekin. Batzuei gustatuko zaizue, beste askori ez, baina ezin da ukatu zinemagintzan bere aztarna utzi duela. Bere estiloa hain da atzemateko erraza, Tiktok eta Instagram sare sozialetan modan jarri dela bere estilo imitatzea.
«Egun bat Donostian Wes Andersonen estiloan», «Donejakue bidea Wes Andersonen pelikula bat izango balitz bezala» edo «Wes Andersonek zuzendutako amodio istorioa» izenpean, milaka eta milaka bideo labur sortu dituzte sareetako erabiltzaileek. Moda hau Ava Williamsek hasi zuen, Connecticutetik New Yorkerako tren bidaia baten bideo bat argitaratu zuenean, zuzendari idiosinkrasikoaren antzera.
@avawillyums No easier place to dream of being in a Wes Anderson movie than a Warby Parker store. @warbyparker #warbypartner ♬ Obituary - Alexandre Desplat
Williamsek elkarbanatutako 24 segundoko bideo laburrak ezaugarri berezi batzuk ditu, Andersonen estiloa ezagutzen duen edonork berehala ezagutu ditzakeenak. Batetik, Alexandre Desplaten musika (zehazki, Obituary izeneko pieza, Andersonen 2021eko The French Dispatch filmetik hartua), enkoadraketa simetrikoa eta kolore apalak, besteak beste.
Williamsen bideoak TikTok joera bat sortu zuen, eta milaka bideo egin dira, baina ez ditugu Euskal txioherri edo Instagram kontuetan asko ikusi. Horregatik, Bigarren Kafean gomendio batzuk eman dizkizuegu parte hartzeko.