IRRATIA

«Garaian langile bat bizi zen zentral-etxean eta eskuz egiten zuen lan turbinak zaintzen»

Zeanuriko zentral-etxe batean jaiotako semea da Egiluz, bere aita ere zentraleko langilea zen. 70eko hamarkadan bizitutako geldialdiaren ondoren, «energia berriztagarrien lege bat onartu zen geldiarazitako zentralak martxan jartzeko. Ni hor suertatu nintzen». 40 urte daramatza bertan.

Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoa (Aritz Loiola FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


XX. mendean, Euskal Herriko isurialde atlantikoan minizentral hidroelektrikoen gorakada izan zen, 80ko hamarkadan eraberritu egin zen instalazioen funtzionamendua eta, egun, euren baliagarritasuna jomugan dago. Martxan dagoen Dimako Errotazar minizentrala ezagutu dugu bertako arduradun Germán Egiluzekin.

«Industriarentzako apur bat obsoleto geratu ei ziren, indar gutxi ematen zuten zentral-etxeek. 80ko hamarkadan, berriz, energia berriztagarrien lege bat onartu zen geldiarazitako zentralak martxan jartzeko.» eta aukerari ez zion izkin egin Germán Egiluzek. Lau hamarkada daramatza Zeanuriko Zentral-etxean lanean.

Errotazar zentral hidroelektrikoa Dima eta Otxandio arteko Indusi auzunean dago, izen bereko ibaiaren ertzean. Errotazar izana hartu du, aurrez, errota bat zegoelako bertan kokatua. Egiluzek argitu duenez, ordea, «errota izan izanak ez dio ezaugarri berezirik eman indarretxeari, ur-saltoa handitzeko premiak ubide-sistema berritzea eragin baitzuen». Hala ere, jatorrizko instalazioen multzoa oraindik bertan dagoela azaldu du, ura harrapatzekoak, gordailua, hodiak eta turbinak barne. 1910. urtean eman zitzaion uren aprobetxamendurako lehen emakida eta, geldialdi bai izan bazuen ere, 1912tik martxan mantendu da.

Zentrala eraikitzean, berriro erabili ziren errota zaharraren hoditeria hidraulikoak. Hasiera bateko proiektuan, segundoko 120 bat litro ur aprobetxatzeko baimena eman zen, eta, 1914.ean, bigarren baimen bat lortu zuen beste errekasto batetik segundoko 80 litro ur erabiltzeko bidea ematen ziona. Erabilera eta garrantzia maila aldatuz joan da urteen poderioz, esaterako,  1937.ean, orduan titularra zen Juan Telesforo de Arteche jaunak baliatu zuen Durangon zeukan eta eskualdean metalurgia arinaren alorrean garrantzitsuenetako bat zen lantegia elektrizitatez hornitzeko. Zentral hau ez ezik, beste batzuk ere bazituen enpresa honek eskualdean barrena sakabanatuta eta, enpresa honek porrot egindakoan, XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan, bertan behera utzi zuten Errotazar zentrala. 1981. urte inguruan, eta energia berriztagarrien aprobetxamenduari buruzko legeari heldurik, abian jarri zen, eta hala dirau gaur egun ere. Garai horretan kudeaketa moduak aldatu zirela dio Egiluzek: «ordurarte eskulana zen nagusi, langile bat bizi zen bertan eta eskuz egiten zuen lan turbinak zaintzen, ubideak zabaltzen eta bestelakoetan. Berriz martxan jarri zirenean, baina, automatizazioa asko sartu zen eta asko erraztu zen zentralen mantentze lanak egitea».

Instalazioari dagokionez, Egiluzek azaldu du jauzi handi eta ubide estuetarako egokiak diren Pelton erako bi turbina daudela, 1924koak, bien artean 300 kW sortzeko gai direnak. Gainontzeko makinak —generadorea, erregulatzaileak eta aginte-taula— 1984.enean berritu zituzten, aipatutako legearen onarpenarekin.

Ur-bilketari dagokionean, ura aire zabalean eramaten da ubide batean barrena, mendiko biltze-guneetatik, 248 metroko altueran dagoen gordailu erregulatzaileraino. Laguntzaile moduan, gainezkabidea eta hodieriaren haizabiderako hodia gordetzen dira. Gordailu erregulatzailetik abiatzen da, lur azpitik, burdinurtuz eginda dagoen hodieria sendotua eta horrek aipaturiko turbinak elikatzen ditu. Turbinen errotazio-mugimendua elektraindarraren generadoreetara helarazten da ardatz banaren bidez. Alternadoreek tentsioa eragiten dute eta, transformadoreen bidez, tentsioa handitzen da korronte alternoan transmititu ahal izateko.

Legeak ere izan ditu hizpide Egiluzek eta, uraren kontsorzioaren eta zentraletako arduradunen irizpideak kontrajarriak direnaren ustearen kontra, emandako zenbait aurrerapauso nabarmendu ditu. Emari ekologikoa da horietako bat eta arduradunak aipatu duenez, «emari ekologikoa ia zentral denetan bermatzen da eta horrela behar du, ibaiko bizitza bermatu behar da». Kontzesio edo erabilera eskumenak aldatu izana ere ekarri du, izan ere, «lehen, betirako ziren baimen horiek eta, 86an 75 urteko iraupena eman zitzaien», alegia, 2061era bitartekoa. Hala ere, «hiru urteko erabilerarik ezean, kendu egiten da». Bestalde, arrainen migrazioan presak diren oztopoez galdetzerakoan erantzun du zentralak egokitu daitezkeela. «Instalazio hauek eginda daude arrainei inportantziarik ematen ez zitzaien garaian. Gaur egun, aintzat hartzen ditugu eta presak egokitu egin behar dira arrainek ibiltzeko tokia izan dezaten». Uste du, ordea, presak ez direla arrainengan eragina duten egitura bakarrak, zeren, gazte zenean, «etxe aurreko errekan hainbat presa eta errota zeuden eta arrain, eta kangrejo eta… arrainez beteta egoten zen. Orain, ez dago arrainik inon. Hori presengatik bakarrik al da?».