IRRATIA
Elkarrizketa
Julen Goia
Ampo Ordiziako jokalaria

«Denboraldi gorabeheratsua izan da, baina final-laurdenetan gaude»

Bihar jokatuko du Ampo Ordiziak ligako final-laurdena VRAC Quesos Entrepinar taldearen aurka. Julen Goia (Idiazabal, 1991) Ampo Ordiziako jokalariak adierazi du «atsedenaldira bizirik iristea» izango dela neurketa irabazteko gakoa. Aurkariaz nabarmendu du oso talde «sendoa eta ordenatua» dela.

Julen Goia Ampo Ordiziako jokalaria (Jon URBE | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ligako final-laurdena jokatuko du bihar Ampo Ordiziak VRAC Quesos Entrepinaren taldearen aurka, Valladoliden, 12:30ean. Elkarren aurka jokatutako azken partidan ordiziarrek 10-35 galdu zuten. Goiak azpimarratu du horrelako partida batean, «diziplina behar-beharrezkoa» dela. Denboraldi honetan izan dituzten gorabeherez ere hitz egin du Ampo Ordiziako jokalariak, eta gaineratu «aldaketaz beteriko» sasoia izan dela.

Igande honetan ligako final-laurdena jokatuko duzue VRAC Quesos Entrepinaresen aurka. Gogotsu al dago taldea?

Bai, aste berezia izan da, eta denboraldia nahiko gorabeheratsua. Aurrez egindakoa pixka bat albo batera utzi dugu eta buru-belarri gaude igande honetan espero dugunari heltzeko asmoz, behintzat.

Aurkaria ligako liderra da, eta Kopako txapelduna ere bai. Nolako partida aurreikusten duzue?

Partida oso gogorra espero dugu. Astean zehar haiei begira egon gara. Orokorrean oso talde sendoa eta ordenatua da, bai erasoan bai defentsan. Zuloren batzuk ikusi ditugu, baita zenbait lekutan hain-hain gogorrak ez direla ere. Uste dut horiei eraso egin beharko diegula.

Edozein final-laurdenetan bezala, zelaiak zerikusi handia izango du. Haienean jokatuko dugu, eta behartu gabeko ahalik eta akats gutxien egiten saiatu behar dugu, bestela garesti ordainduko dugu. Azkenean horrelako partida batean, diziplina behar-beharrezkoa da. Bestela, beti zure zelaian sartzen zara eta puntuak egiten dizkizute. Beraz, diziplina kontutan izan beharreko zerbait izango da.

Sentsazio onekin iristen zarete hitzordura, Complutense Cisnerosen zelaian irabazita. Horrek lagunduko du moralki, ezta?

Bai, dudarik gabe. Azkenean ikusi dugu erasoan gure gauzak ondo egiten ditugunean, ez dela izaten beti partida guztietan, baina une batzuetan gai gara edozein talderi puntu dezente sartzeko. Azkeneko lau-bost partidetan ikusi da, 40-48 puntu egin genituela, lehengoan 59. Hala ere, puntu asko sartzeko gai garen moduan, zenbait aldiz ere kontzentrazioa galtzeko arriskua dugu, eta orduan guri sartzen dizkigute. Taldea prest eta gogotsu dago, eta horren aitzakiarik ez da izango.

«Zuloren batzuk ikusi ditugu.[...] Uste dut horiei eraso egin beharko diegula»

Elkarren aurka jokatutako azken partidan galdu egin zenuten 10-35. Zer hobetu behar duzue hartatik bihar aukerak izateko?

Partida hartan, egia esan ez da aitzakia, baina gure taldeko batzuk min hartuta egon ginen. Ni ere kanpoan nengoen, eta hasieratik ateratzen garen jokalarien artean sei edo zazpi falta ginen. Azkenean liga horrela da eta asteak aurrea doaz eta lesioak egoten dira. Igande honetan aterako dugun hamabostekoak ez du izango antz ikaragarririk partida hartakoarekin. Baina bai egin beharko dugula partida serioagoa.

Oraintxe burura etortzen zait bigarren zatia hasi eta lehen zazpi minutuetan bi entsegu sartu zizkigutela, eta partida hasi berritan ere hiru entsegu sartu zizkiguten kolpetik. Saiatu behar gara beste hasiera bat ematen, dudarik gabe. Taldekideei esan diedan bezala, oso garrantzitsua izango da atsedenaldira, behintzat, bizirik iristea. Final-laurden bat da, askotan ematen du hamar puntuko aldearekin hilik zaudela, baina konturatu orduko aldea murrizten edo areagotzen da. Beraz, garrantzitsuena izango da atsedenaldira bizirik iristea.

Espero duzue zaleen mugimendurik Valladolid ingurura?

Beste urteetan antolatu izan dituzte autobusak eta, baina oraingoan ez dugu horrelakorik entzun. Hala ere, badakit herrian taberna ezberdinetan apustu eta hamaiketako bereziak egin behar dituztela. Betiko jendea mugituko da, azkenean badago jendea Sevillaraino etortzen dela, beraz, Valladolidera hiru orduko bidaia egin eta arkume bat jatera seguru betikoak etorriko direla. Eta gainontzekoak herrian bultzatzen badaude ere, haien babesa sentituko dugu.

Gainontzean, orain arteko lanari dagokionez, zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Nahiko denboraldi gorabeheratsua izan da, aldaketaz beterikoa. Gauza ona gazte askok debutatu dutela, agian bost-sei jokalari egon dira, 18-19 urtekoak. Horrek esan nahi du harrobia badagoela, eta harro egoteko zerbait da. Ligako beste zenbait talderekin alderatuta, edo gehiengoarekin, horrelakorik ez dute. Sasoian zehar, lesio asko izan ditugu, entrenatzaile berria etorri da, eta denboraldi erdian bi-hiru atzerritarrek utzi gintuzten beraien herrialdeetara bueltatzeko. Sasoi gorabeheratsua izan da, baina final-laurdenetan gaude.