IRRATIA

«Sormenaren eta imaginazioaren mugak haratago eraman nahi ditu Esperanza Spaldingek»

Esperanza Spalding musikaria izan du hizpide Maialen Tellabidek jazzari eskaintzen diogun atalean. «Super emakume bat da» esanez definitu du. 1984an AEBtako Portlanden jaio zen eta musika ikasteko baliabide gehiegi izan ez arren, lehenik biolina jotzen hasi zen eta ondoren kontrabaxuarekin hasi zen.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2011n Grammy sari bat irabazi zuen Esperanza Spaldingek. «Artista hasiberri onenari dagokion saria irabazi zuen eta besteren artean, Justin Bieber izan zuen aurkari sari hori lortzeko lehian. Ikustekoa zen Bieberren aurpegia saria Spaldingi eman ziotela ikusitakoan». Saria zergatik irabazi zuenaren inguruan ere zalantzak zituen Spaldingek. «Ez zekien diskoarengatik edo bere itxurarengatik irabazi ote zuen. Emakume musikari beltza da Spalding». Sari hori irabazi duen lehen jazz musikaria izan da.

Dena den, Spaldingek ez du bere burua jazz musikari modura sailkatzen. «Jazz proiektu askotan parte duela eta jazza ikasi duela dio baina behin eta berriz aldarrikatzen du bera ez dela jazz musikaria».

Artista poliedrikoa da Spalding Tellabideren aburuz. «Bere sormenaren eta imaginazioaren mugak haratago eraman nahi dituen artista eta konpositorea da». 20 urterekin irakasle modura ari zen lanean unibertsitatean. «Spalding ezin da estilo batean entzun. Estilo askotan entzun daiteke. Funtsean, Spalding entzun daiteke».

Entzun Maialen Tellabidek Esperanza Spaldingen inguruan Bigarren Kafean kontatu diguna.