IRRATIA

«Alokairuaren prezioak mugatzea ez dut begi txarrez ikusten»

Eneko Goia, EAJren Donostiako alkategaiaren esanetan argi dago Gipuzkoako hiriburuan etxebizitza bat lortzea zaila dela, batez ere gazteen artean. Nazioarteko ekimenak antolatu ahal izateko, lehen ez bezala, une honetan Donostiak ostatu maila egokia duela baieztatu du.

Eneko Goia (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Eraldaketan dagoen hiria» da Donostia azken zortzi urteetan bertako alkate izan den Eneko Goiak NAIZ Irratian baieztatu duenez. Hurrengo legealdian postuan jarraitu nahi du, «oinarri sendoak dituen hiria» kudeatzen jarraitzeko.

Hobetu beharreko eremuen artean etxebizitzan jarri du fokua: «Denak jabetzen gara, hiri honetan arazo bat badugu etxebizitza lortzeko zailtasuna da, batez ere gazteen artean», onartu du. Era berean, hiriko ostatu kopuruak izan duen hazkundea txalotu du. «Beharra zegoen, defizita genuen hiri moduan, orain tamainakoa da kongresuak edo kirol frogak egiteko, Zinemaldia edo Hamabostaldia ospatzeko».

Donostia, hain justu, nazioarteko hiri erreferentzial bihurtu nahi du Goiak, izan ere, «kontziente izan behar dugu mundu zabal batean ari garela lehiatzen, gure hiria Europako beste 310 antzeko hirirekin lehiatzen da jarduera ekonomiko ezberdinen esparruan. Donostiak baditu baldintzak zientzia eta ezagutzaren hiria izateko».

Etxekoei begira, eta azken zortzi urteetan etxebizitzak eta alokairuak %50 garestitu direla eta azken hamarkadan 3.375 gaztek Donostiatik alde egin behar izan dutela aintzat hartuz, Donostian etxebizitzaren arazoa ez dela berria erantzun du Goiak: «Jada gatestia bazen orain gehiago nabaritzen da».

Azken zortzi urteetan merkatura 4.000 etxebizitza atera direla txalotu eta Etxebizitza Legea erabilgarria izan daitekeela iradoki du: «Alokairuaren igoera edo prezioak mugatzea ez dut begi txarrez ikusten», adierazi du, zehaztuz, hori bai, legearen aplikazioa ez dagoela Udalaren esku, Lakuaren esku baizik. Edonola ere, «ezin gara horretan gelditu», gaineratu eta babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza handitzearen alde agertu da.