«Urratsa da, baina asko falta da Gernikan gertatutakoaren egia, justizia eta erreparaziorako»
Berandu dator, baina ongietorria da Espainiako Gobernuak emandako urratsa ordezkari ofizial bat Gernikako oroimen ekitaldietara bidaltzeko erabakia. Barkamen eskea etorriko den inkognitarekin, Gernika Memoriaren Lekuko taldeak uste du espainiar Estatuak eta Gobernuak asko dutela egiteko oraindik.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
86 urte bete dira asteazken honetn Condor legioak Gernika bonbardatu zuenetik. Gertaera haiek oroitzeko ekitaldiak izango dituzte, beraz, ohi moduan, aurtengoan estreinakoz espainiar Gobernuko ordezkari baten parte-hartzearekin. Felix Bolaños Presidentzia eta Memoria eta Demokratikoko ministroak arratsaldean zehar hilerrian gauzatuko den lore eskaintzan hartuko du parte.
Urrats hori, bere baitan, aurrerapauso bat izan arren, ordea, gertaera haien erantzukizunei iskin egitea egotzi dio espainiar Gobernuari Ibon Meñika Gernika Memoriaren Lekuko taldeko kideak; uste du «Estatuak eta Gobernuak asko dutela egiteko egia, justizia eta erreparaziorako bidean», aitortuta, edonola ere, emango dena ez dela «nolanahiko urratsa».
Felix Bolañosen bisita testuinguru konkretu batean egiten dela ezin da ahaztu bere irudiko; dio «hauteskunde giroak baldintzatuta» etorri den erabakia izan dela, baina ezin dela ahaztu «Frankismoaren atzaparretatik ihes egin ezin dabilen Gobernua dela» Madrilen agintzen duena.
Egiteke dauden urratsen artean kokatu du Meñikak barkamen ofizialaren eskea, hori gabe nekez lortuko delako bere esanetan «memoria osoa eta garaile eta garaituen eskema» gainditzea.
Asteazken honetan, edonola ere, garai haietako gertaeren biktimak izango dira protagonista. Baina gertaera sinbolikoaz harago, horrek «etorkizuna eraikitzeko eskaintzen dituen lanabesei» erreparatu nahi diete.