«Jendeak Euskal Herriarekiko zuen irudia aldatzen ari da»
Ile-estilismoa eta eskultura modu berean ulertzen ditu Gorka Larcanek (Algorta, 1996). Madrilera joan zen estimulu gehiagoren bila, eta bertan joan da bere estilo «abertzale-modernoa» gutxika sortzen. Euskal Herrian ileak duen garrantzia ez du topatu bertan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Diseinu grafikoan hasi zenuen zure bidea eta orain, ilearekin irudia sortzen duzu. Nolakoa izan da zure ibilbide artistikoa? Noiz egin zenuen diseinu grafikotik ile-estilismorako jauzia?
Arte Ederrak ikasi nituen. Momentu horretan bertan hasi nintzen diseinu grafikoaren munduan lan egiten. Baina beti gustatu izan zait ilearen mundua. Oso presente egon da betidanik nire bizitzan, haur bat nintzenean handitan diseinatzailea eta ile apaintzailea izan nahi nuela esaten nuen beti. Fakultatean, argazki sesioetan ilea prestatzen hasi nintzen. Eta eskultura ere maite izan nuen, zeramikarekin asko egin nuen lan fakultatean. Ikasketak amaitzean zeramikarekin ere egin nuen lan pixka bat, baina azkenean erabaki nuen zerbait gehiago nahi nuela. Bilbon bertan ikasi nuen ile-apaindegiko gradua eta horrela hasi nintzen mundu horretan tokia egiten.
Elkarrizketaren batean entzun dut etxetik jaso zenuela ile-estilismorako zaletasuna. Etxeko erreferentziak izan dituzu, eta kanpokoak?
Nire izeko izan dut erreferente. Baita amama ere. Beti izan da ausarta eta lotsagabekoa ilearekin, beti orrazkera asimetrikoak eta antzekoak daramazki. Eta asko gustatzen zitzaidan. Niretzako erreferente bat zen, amama modernoa. Kanpotik ere jaso ditut erreferente asko, Instagrametik edo artistengandik.
Baduzu zure lana edo arte estiloa definitzeko modurik?
Oraintxe bertan abertzale-moderno edo horrelako termino bat litzateke egokia. Ez dakit, niretzat oso erreferentea da Euskal Herria. Primarioa da, nolabait esatearren, erreferente bezala. Han kaletik ikusten ditudan ileak edo orrazkerak... Adibidez, Somera kalea niretzako oso garrantzitsua da, estilo desberdin mordoa ikusten dut bertan. Asko gustatzen zait Bilbora itzuli eta horrelako gauzak ikustea kalean.
Madrilen, adibidez, jendea modernoa da, baina ilearekin ez hainbeste. Arroparekin badira, baina ilearekin ez. Zentzu horretan Euskal Herria nire top-a da.
Zure Instagram kontuan ikusi dut ile-estilismo batzuen storyak ‘aizkorakada’ izenpean bildu dituzula. Ohikoa zaigun iseka zeureganatu duzu?
Bai, horretan nabil hain justu: hori berjabetzen. Nire kultura dena mundura eramaten.
Sorginak eta oro har euskal mitologia ere inspirazio iturri duzu. Unibertso propio horretan, tendentzia globalak eta etxekoak nahasten dituzu?
Une honetan Euskal Herriko beka batekin ari naiz lanean. Lan horretan ilea eskultura bezala proiektatzen ari naiz. Euskal Herrian ileak duen garrantzia transmititu nahian. Mitologiako erreferentziekin egiten dut lan: euskal lamiak, sorginak, Basajaun... Bereziki emakumeen figurak interesatzen zaizkit. Agian gehiago iristen zaidan zerbait delako. Horrekin nabil bereziki une honetan, baina figura asko daude nire memorian lanean eta horiek ere landu nahi ditut.
Euskal erreferentzia horiek guztiak kanpora eramatean, nolako erreakzioa jasotzen duzu? Errefuxatzeko joera dago edo elkar ulertzeko bideak agertzen ari dira?
Elkar ulertzen ari gara. Jendeak jada ez du duela urte batzuk zuen Euskal Herriaren irudia. Nik uste dut jendea momentu honetan ongi harrapatzen ari dela nire estiloa, Madrilen oso gustagarria suertatzen ari da. Nire ustez arrazoi aski sendoak daude hala gertatzeko. Madrileko norbaiti kopeta-ile abertzale bat moztu izan diodanean, esan diot «super vasca zara», eta erreakzioa beti da positiboa, nahi zutena dela esaten didate. Hori oso polita da.
Zein eremutan egiten duzu lan?
Denetarik egiten dut, gehien bat musika eta moda. Musika kontuak bereziki Euskal Herrian egiten ditut. Adibidez, Pello Reparazekin egin dut lan, baita Bulegorekin ere. Pasa den urtean BBK Liven M.I.A. artista orraztu nuen. Baina Madrid salto bat izan da niretzat: bertako Fashion Week-eko bi ediziotan izan naiz lanean.
Zein izan da zure proiekturik kuttunena? Edo bitxiena?
Uste dut orokorrean gauza guztiekin sentsazio berezia dudala. Baina, esaterako, Euskal Herrian jasotako bekarekin buruko tradizional baten forma duen ileorde bat egin dut. Hori izan da nire ‘umetxoa’.
Moda eta estilismoaren munduaren irudi oso elitista izaten dugu normalean. Zuk Fashion Week-a ezagutu duzula, hala dela uste duzu? Bestelako aurpegirik ba al du?
Oso mundu estresagarria da. Denak izan behar du perfektua eta presio handia dago. Jende famatuarekin gainera presioa handitzen da. Hala ere, denetarik dago. Adibidez Fashion Week-ean EGO plataforma dago. EGO hasiberrientzako eta goranzko joeran dauden profesionalentzako eguna da. Lan egiteko gogo handia duen jendea dago bertan, oso ideia onekin... Gehien gozatzen dudan eguna da hori; lasaiago nago, ez dago hainbesteko presio... Bi aurpegi daude Fashion Week-aren mundu horretan.
Bizitza proiektu duin bat garatzeko moduan sentitzen zara?
Oraindik ere lan handia dago egiteko. Asko gara eta ez dago hainbesteko lanik denentzat. Horrelako lanek ez dute onarpen handirik eta gainera ez daude ondo ordainduak. Errekonozimendu falta bat dago. Horregatik izan da niretzako hain garrantzitsua beka eskuratzea. Ile-mundu hau beste ikuspegi batetik ikusarazi nahi dut, kutsu artistikoa azpimarratu.
Ezezaguna al da oraindik ere ile-estilismoaren mundua? Sektore honen zentzu edo ikuspegi artistikoa barneratua al dago?
Bai, hori horrela da. Gradua egiten ari nintzenean, esaterako, bezero batzuei ilea egiten nenbilela aurrez Arte Ederrak ikasi nituela aipatzerakoan, harritu egin ziren eta bertan zer ari ote nintzen galdetu zidaten. Niretzako harreman oso sakona dute bi esparruek, niretzako zeharo zentzuduna da artea eta ilea uztartzea. Eskultura moduan ulertzen dut nik, eta ez dut ulertzen zergatik ez den hala sumatzen.
Buruetako ile-estilismoa lantzeaz gain, belarritakoak, oinetakoak eta bestelako osagarriak ere egiten dituzu. Horiek ere eskulturarekin harremana dute.
Oraintxe bertan «ileen zoroa» naiz, burua pixka bat galtzen ari naiz eta ilea beste toki batzuetan txertatzen ari naiz. Bereziki, ikusteko ileak buruan zentzua duen arren, aurpegitik kanpo kokatzen badugu beste esanahi edo zentzu desberdin bat hartzen duela. Eta nazka edo antzeko sentimenduak sor ditzakeela. Hori asko gustatzen zait: gauza itsusiak, nazka probokatzea... Nahiz eta uste dudan nire estiloa ez dela hain zikina izatez, oreka hori bilatzea asko gustatzen zait.
Etxera itzultzeko gogoa berreskuratu duzu?
Une honetan ez dut nire burua Euskal Herrian ikusten. Orain behar dudana ez dago han. Pena da, niri Bilbo asko gustatzen zait. Baina bertatik joateko erabakia hartu nuen ez nuelako nire burua bertan ikusten. Ez hiriagatik bere horretan, baizik eta ez nituelako bertan topatzen nik nahi nituen aukerak. Niretzat garrantzitsua zen Bilbotik irtetea, gauza eta estimulu gehiago jasotzea eta, behin hori pasata, itzultzea.
Zertan zabiltza oraintxe bertan? Proiekturik duzu eskuartean?
Oraintxe bertan editorial asko egiten gabiltza, baina gure estiloa jarraituz. Ez gabiltza marka edo pertsona batentzako lanean, geure buruarentzat baizik. Gure estiloarekin eduki gehiago sortzen gabiltza. Oso lan politak egiten ari gara, kolektiboan lanean ari gara eta talde bat sortzen gabiltzala uste dut.
Modan jarduten nabil gehien bat une honetan. Nire mundua gehien bat hori baita. Musika asko gustatzen zait baina ez da haiz artistikoa. Izan zitekeen arren, normalean oso kontu informalak egiten ditut musika arloan. Niri zerbait desberdina sortu eta eskaintzea gustatzen zait eta hori bereziki moda munduak eskaintzen dit. Horregatik nahiago dut.