IRRATIA

«Nire eguneroko estresagarrian pausa bat jartzeko aukera izan da»

Artearen bitartez Euskal Herriaren kontakizuna osatzeko helburua du Geuretik Sortuak egonaldi-bekak. Udalbiltzak sustatuta, bigarrenez hamarnaka sortzailek hainbat udalerritan garatuko dute haien sorkuntza prozesuaren zatitxo bat. Unai Gaztelumendi marrazkilaria Berastegi eta Leitzan dabil uneotan.

Berastegin eta Leitzan egingo du Gaztelumendik egonaldia (Gorka Rubio | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Sormen egonaldi berezia da Geuretik Sortuak. Udabiltzak sustatutako egitasmoa da. Hainbat udalerrik bekadun sortzaileak teilatupean hartzen dituzte, euren sorkuntza-proiektuak garatzeko egonaldietarako. Ostera, programan parte hartutako udalerriek sorkuntza lan horien zabalkunderako zirkuitoa osatzen dute. Bigarren edizioa da aurtengoa. Guztira 22 sortzailek parte hartuko dute eta 39 udalerrik jasoko dituzte haien egonaldietan zehar.

Berritasun moduan, komikigintzarako esparrua zabaldu da Geuretik Sortuak egitasmoan. Unai Gaztelumendi (Añorga, 1988) Berastegin harrapatu dugu. Egun batzuk herri gipuzkoarrean egingo ditu, eta ostean Leitzara, Nafarroara, joango da. Beka proiektu-proposamena oso era zabalean egin zuen, egonaldia egingo zuen tokiaren baitan moldatzeko asmoz. Oraindik ere estimulu bila dabil, baina ideia orokor bat garatu dagoeneko: mugakide diren bi herrien arteko harremana, edo harreman eza, landuko du bere komikian.

Halako bekek patxadaz lan egiteko aukera eskaintzen dutela azaldu du Gaztelumendik, eta hori abantaila den arren, norbait emaitzaren zain dagoela jakiteak presio puntu bat ere gaineratzen duela aitortu du.