IRRATIA
Elkarrizketa
Haimar Arejita eta Gaizka Salazar
Gatibu taldeko musikariak

«Miribillakoaren ostean kanpora goaz, baina uda sasoian Euskal Herriko plazetan izango gara»

Martxoaren 18an, larunbatarekin, izango da EH Distopikalaren festa handia Bilboko Miribilla pabilioian. Lau hilabete pasa dira Gatibukoek beren kantuak publikatu zituztenetik eta horiek guztiak zuzenean aurkezteko garaia iritsi zaie orain, aspalditik iragarritako festa handi batean.

‘EH distopikala’ diskoa aurkeztuko du festa handi batean Gatibu talde gernikarrak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Diskoa kaleratu, kaleratu duzue eta hainbat euskarritan. Gainera, diseinua ere bakoitzera moldatu duzue.

Haimar Arejita: Argi geneukan biniloa eta cda bai edo bai atera behar genituen eta hirugarren formatua, kasetearena, izan zen pixka bat zerbait berezia eta desberdina egitea frogatzeagatik.

Gaizka Salazar: Hori kasetarena Haimarrek esan zuen eta guk gure buruari esan genion «baina zer ostia, nora goaz berriro? Haurtzarora edo zer?», kar-kar. Baina polita da.

Bai, baina kanpoan ere ikusten da kasetea euskarri fisikoan melomanoentzako oso interesgarria dela.

H.A.: Bai bai, kolekzionismo kutsua duen zerbait da, ez dakit melomanoena edo frikiena den. Baina nik behintzat kontsumitu eta erosten ditut kaseteak. Gustatzen zait soinu ilun samar hori entzutea ere.

Bada distopia puntu bat hori ere. Hori eta negu hasieran izan genuen eguraldia ere bai, hori baita salatu duzuen gauzen artean bat, larrialdi klimatikoarena.

G.S.: Bai, ‘EH Distopikala’ abestian umore klabean hartutako gaia da, baina benetan oso larria da eta arduratzen gaituena. Zuk esan bezala, begira azken neguaren hasiera nolakoa izan zen, gogoratzen dut 2021eko abenduaren 31n ere Kontxako hondartzatik ibili nintzela umeekin… Hau eskuetatik joan zaigu. Orduan, kritika bat da, umorez egindakoa bada ere.

Musikalki Gatiburen distopia bihurtzen da diskoa. Zuentzako berriak diren hainbat eremutan esploratu duzuelako. Kasu honetan, Juantxo Skalari lagun, ska munduko zeozer egin duzue.

H.A.: Kantuaren ideia akaso duela 12 edo 13 urte hasi zen. Bere sasoian grabatu eta ateratzeko asmoz gorde genuen, izoztuta. Orain ez dakit zergatik, agian errekurtso faltagatik edo, desizoztu genuen eta beste freskotasun batekin eta momentuko ikuspegiarekin horrela geratu zen. Letrak eta musikak ezkondu egiten zuten eta garatzea erabaki genuen. Bazeukan hasieratik ska kutsu hori eta zegoen bezala hartu genuen, letra erantsi genion eta pixka bat moldatzea izan da guztia.

Akaso jendea harrituko zen Juantxo Skalariren izena ikusita.

H.A.: Juantxorekin batez ere nik kolaborazioak egin ditut. Grabazioren bat edo beste, zuzenekoren bat… harreman bat joan da sortzen. Nik argi neukan kolaborazioren bat bilatuko bagenu, bereak izan behar zuela, izan ere ska puntu hori badu eta Juantxo da ska egiten aproposena gure ustetan, hala ere, natural irten da.

Ska puntua badu, baina akaso bateriaren erritmoetan mantentzen da Gatiburen esentzia gehien.

G.S.: Nik uste dut denok egin dugula halako ariketa bat beste soinu batzuk bilatzearena. Erritmo aldetik badu betiko rock hori, ska erritmorik sekula egin gabe ginelako. Baina diskoan orokorrean badira erritmika diferente asko eta nik uste dut puntu interesgarri eta erakargarria ematen diola.

‘Urten’ kantua efektu berezi batekin hasten da, reverse batekin, hau da, atzekoz aurrera dago grabatutako soinua.

G.S.: Hamar puxtarri!

H.A.: Bai, gitarraren reverse batekin hasten da eta gero pad batekin dago nahastuta, behetik gora doanaren efektu bat bilatzeko, giroak eta sortzeko asko erabiltzen da. Hau ekoizlearen ekarpena izan da, nahiz eta guk grabatutako elementuekin eginda dagoen, zati bat hartu, sampleatu eta hori sortu zuen.

Erritmo oso latinoa duen kantua da, bide hori nolakoa suertatu zaizu Gaizka?

G.S.: Nik uste dut bilatu nahi izan duguna izan dela betiko edo ohiko erritmo latinoetan ez erortzea. Emilirekin, ekoizlearekin, kantua grabatu aurretik hasten ginen ideiak partekatzen nondik eta nora eraman genezakeen ikusteko, nahiz eta Haimarrekin hori asko egin nuen aurretik. Eta hori izan da tonika orokorra, erritmoa aukeratu eta beste kolore bat gehitzen saiatzearena.

Diskoko kantu guztiak badirudi riffetatik abiatuta daudela. Hau da, gitarrako zati bat dutela sorburuan.

H.A.: Bai, normalean horrela izaten dira Gatibun. Riff batetik sortu eta garatutakoak. Lehendabizi riff bat garatzen hasten gara eta sentsazio ona ematen badigu aurrera egiten dugu abestian edo ez. Oso gustukoa izan behar du nukleo edo hazi horrek, gauza oso potentea eta sentsazio oso ona transmititu behar digu.

Gainera riff batetik bi kantu ateratzeko gaitasuna ere baduzue.

H.A.: Bai, eta gainera progresio bera eta tempo bera duten riffak dira, baina jendea askotan ez da konturatzen. Tonuz aldatuta daude, baina pentsa, hasieran bi kantuk bat izan behar zutela.

Etxeko lanak jarri dizkigu, Gaizka.

G.S.: Horri errekurtsoen optimizazioa deitzen zaio.

Baina inork ez badu nabaritzen, sekulako artea dagoelako izango da.

G.S.: Artea presente dago denbora guztian, begi-bistakoa da.

H.A.: Baina jende askok egin izan duen zerbait da errekurtso bera erabiltzearena bi pieza desberdinetan, pentsa, Mozartek eta Beethovenek ere egiten zuten. Baina modu artistiko eta sortzailea batean egiten bada, listo. Bata funkya da eta beste doinu afrikarrak dituen kantua.

Juan Luis Guerra bezalako izenak ere etortzen dira kantuak entzun eta burura. Aipatu duzun doinu afrikarren eta latinoen muga oso estua da, ezta?

H.A.: Izan daiteke erritmikan eta estiloan halakorik entzutea. Gure kasuan, adibidez, ‘Urten’ abestian, baxuaren tratamenduan ez genuen reggaetoi bat bilatzen, baizik eta Afrikara bideratu nahi genuen begirada eta zapore hori eman nahi genion eta erdibidean geratu da akaso. Baina intentzioa hori zen.

‘Zure bazterrak’ kantuari errepara diezaiogun. Letra aztertuta, esan daiteke ‘Gure bazterrak 2.0’ baten aurrean gaudela?

G.S.: Bai, horrela da, gure ikuspuntua da eta gure omenaldi txikia gure herriari kantu eta hitzetan. Baina nik uste dut hori presente daukagula beti, Gatiburen esentzietako bat da talde euskalduna garela eta hori hor dago. Oraingo honetan nahi genuen holako abesti polit bat egitea gure herriari buruz, gure buruari eta entzuleei opari moduko bat egitea zen nahia.

Dantzagarria da, gainera.

H.A.: Bai, hasieran beste erritmo bat zeukan baina aldatu zen pixka bat eta ekoizleak hobeto aprobetxatu zuen abestia, guk laburragoa eraman genuen, bi minutura heltzen ez zen abesti bat zen eta Emilik eman zion aire gehiago eta zabaldu egin zuen. Idiliko samarra bada, ‘Urepel’ kantuaren estiloko zerbait, badute biek ere hortik zerbait, samurra izatea nahi genuen.

Jendea kontzertuetan halako abestiekin sentimenduak azalean dituela eta pozik izaten da ezta? Epizidade puntu bat badute halako kantuek.

H.A.: Bai, epikoaren dosia pixka bat neurtzen baduzu polita da.

‘Danok dekogu’ kantuaren hasierako riff horrek atentzioa eman zidan aretoetan, jendea diskoa kaskoekin entzuten ari zela, egin zenituzten aurkezpen haietan bertan. Riffa dagoelako batetik, baina laguntzen duten elementu sonoro guztiek ere garrantzia handia dutelako. Xehetasun txiki bakoitza etxetik eraman duzue?

H.A.: Etxetik eramandakoa da, samplerrak nonahi aurki ditzakegulako egun, makinetan edota pluginetan… eta hor topatu genuen sampler hori eta hor geratu da.

Tempoz lasaixeagoa da, gorputza batetik bestera flowarekin mugitzea eskatzen du nire bururako.

G.S.: Bai, badu hori. Niretzako abesti kutunenetarikoa da. Badu tempo erdi hori eta eramaten zaitu ‘rollazo’ oso on batetara. Ez da reggae bat, noski, baina kontra guzti horiek baditu eta horrek burua eta gorputza mugitze horretara eramaten zaitu. Gainera, letrak ere laguntzen du horretan, gai oso unibertsala lantzen delako, denoi gertatzen zaizkigun egoerak aipatzen direlako. Kantu borobila dela esango nuke.

Gitarraren solo bakoitza efektu desberdin batekin grabatu dago Haimar?

H.A.: Hemen whammy pedal bat erabiltzen dut, Tom Morellok Rage Against The Machine taldean hain ezagun egin zuena eta sekula erabili gabe neukan eta sartu nahi izan dut.

Esaten nuen baita, gitarra eta sintearen artean desberdintzeko lanak ere eman dituzulako batzuetan.

H.A.: Bai, Emili ekoizlea piano-jotzailea da, gitarra-jotzailea baita ere eta sintetizadoreen friki bat. Hortaz, askotan ikusten zuen gitarraren lineak sinteak ordezka zezakeela, batzuetan ordezkatzen zen eta besteetan gehitu. Gainerakoan bai, efektu mordo bat dago erabilita, noski.

G.S.: Esan beharra dago Haimarrek ikasi duela gitarra guztiak hamar egunetan sartzen ikasi duela.Lehen hilabete bat behar izaten zuen egin duen lan guztia egiteko. Hori bai, etxetik oso landuta eraman du guztia, baina esperientziarekin eta jende onez inguratzen zarenean, dena askoz ere arinago lortzen duzula nahi duzun hori.

H.A.: Eta batez ere mugak jartzen badizkiozu estudioko tarteari, lehen muga gabe joaten ginelako.

Aurre-ekoizpen asko dagoela alegia, esan duzuelako azkar grabatutako disko bat izan dela. Zazpi kantu dira, oso landuak… Estudioko egunek frenetikoak izan behar zuten.

H.A.: Bai, nahikoa intentsitate handiko jardunaldiak ziren, baina bageneraman lan asko eginda eta pixka bat argi guztia, A plana delakoa. Gero ekoizleari bere tartea utzi behar izaten zaio eta hori izan zen B plana eta hori jarraitu genuen. Baina B planak huts egiten bazuen, A planak balio behar zuen, hortaz lan asko eginda zegoen. Musikariaren bizitzan hor dago motxila bat, ideia zaharragoekin, jakintza ere pilatzen zoaz, gauza berriak ikasten… eta estudioan nabaritzen da eta hori guztia lehertzen da.

Ahotsak ez ditugu aipatu, baina disko irekierako ’Bizikleta hartu ta banoie’ kantutik sorta polita entzuten da. Norena da goi-goian entzuten den ahots hori?

G.S.: Ez, justu horretan ez, batzuetan sartzen ditut koroak baina hemen ez. Horiek Alexek egin ditu.

Diot, gero zuzenean koroak egiten dituzuelako, abestera animatzen zarete.

H.A.: Gaizka bai, ni ez, kar-kar.

G.S.: Justu koro hori ez dakit egin ahalko dudan zuzenean, baina bai, saiatzen naiz koroak egiten.

Eta azkena, hirukote moduan agertu zareten arren, oholtza gainean batzuk gehiago elkartuko zarete.

H.A.: Bai, Miribillakoa badator, baina gero Espainia aldera eta mugituko gara, baina berriz ere itzuliko gara Euskal Herrira, uda aldean ibiliko gara hainbat tokitatik.

G.S.: Orain, kontzertuetan, saiatzen gara ahalik eta musikari gehien eramaten. Plaza batzuk izango dira formatu horretan, ez gehiegi, baina hori da gure ideia.

H.A.: Kontzertu handiak izango dira, musikari askorekin eta tinbrikoki soinu aldetik emanaldi aberats bat eskaini nahi dugu zuzenean, guk horri balioa ematen diogulako.

Festa handia izango dena Miribillakoa izango da.

H.A.: Bai, espero dezagun baietz! Gure nahia Miribilla betetzea baita!

Erreztasunak jarri dituzue jende bertaratu dadin, autobusak eta guzti antolatu dituzuelako.

G.S.: Hori da eta jendea animatzea nahiko genuke eta horretarako erreztasunak ematen saiatu gara.

H.A.: Gainera soinu aldetik Miribilla oso ondo egokitzen da guk nahi genuen horretara.

Bada aizue, dantza asko egin dadila bertan eta zuek ere disfruta ezazuela bide honetan.

G.S.: Eskerrik asko, Iker!

H.A.: Beti plazer bat zurekin hitz egitea.