«Profesionalizaziorako bidea oso zaila da musikan»
‘Panpin hautsien dantza II’ diskoa da Hatxe musikari errenteriarraren azken lana. Mukuru kolektiboaren eskutik argitaratu zuen 2022an. Musikagintzaren eremu undergroundaren eta profesionalizazioaren arteko talken, arrakalen eta zubien inguruan hausnartzera gonbidatu dugu KulturHariara.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Hatxe izen artistikoaren atzean Idoia Hernandez Toledo dago (Errenteria, 1988). Pianista, konpositorea eta artista multidiziplinarra da. Musikagintzan murgildua dago une honetan bereziki. ‘Panpin hautsien dantza II’ (Mukuru, 2022) diskoa izan da bere azken argitalpena, izen bereko aurreko diskoaren jarraipen moduan.
Oraingoan, zuzenekorako pentsatutako lana ondu beharrean, digitalki entzuteko kantak osatu ditu. Maria Elorza zinemagilearekin batera, hiru bideoklip gehitu dizkio proiektuari.
Mukuru kolektiboaren parte da, Birkit edota Peru Galbete musikariekin batera, besteak beste. Autogestioa eta autoekoizpena oinarri duten artisten saretzea edo komunitatea da Mukuru. 2018an sortu zen eta gutxika-gutxika handitzen joan da kolektiboa.
Hautu bat da autoekoizpenarena. Hatxek aitortuta, kontraesanak eta oztopoak ere ez dira falta bidean. Profesionalizaziorako bidea ere, ez da erraza musikaren munduan Euskal Herrian. Alde batean edo bestean kokatuta ere, prekarietatetik ihes egitea zaila dela uste du Hernandezek.