IRRATIA
Elkarrizketa
Iratxe Azkue (LAB)
Bizkaiko metalgintzaren akordioaz

«Langileen garaipena izan da, inork ez digu ezer oparitu. Borrokak merezi du»

Ostiral honetan sinatu dute Bizkaiko Metalgintza alorreko 50.000 langile baino gehiagori eragingo dien lan hitzarmena. LABek dio akordio ona dela, eta greba gehiago saihesteko batu dela patronala horretara. Langileen borrokaren ondorio izan dela dio.

FVEM patronala, eta CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Metalgintzako Bizkaiko lan hitzarmenaren sinatu dute. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Lakuako Gobernuaren bitartekaritzapean, Bizkaiko metalaren hitzarmena berritzeko akordioa sinatu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek FVEM patronalarekin. Hala, 11 greba egun eta hogeitik gora bilera ekarri dituen negoziaketak fruituak eman dituela nabarmendu du Iratxe Azkue LABeko ordezkariak NAIZ irratian.

Akordioa «ona» dela dio, eta sektoreko langileentzat «bakarrik hobekuntzak» ekarriko dituela nabarmendu du. «Negoziazioaren hasieratik, langileen eskubideetan atzerapausoak eragiten zituzten neurriak baino ez zituen baloratzen patronalak, baina ez du lortu. Horren aurrean, KPIaren arabera aurreikusiko dira soldatak, eta hori oso garrantzitsua da», azaldu du.

«Soldatetan eta malgutasunean ez ezik, subrograzio eskubidea hainbat alorretara zabaltzea» lortu dutela azpimarratu du.

«Patronala sinatzera behartuta ikusi da»

Patronalak dio «ahalegin handia» egin beharko dutela enpresek, baina «etorkizunarekin, industriarekin eta sektorean lan egiten duten pertsonekin konpromiso osoa» dutela eta horregatik sinatu dutela akordioa. Sindikatu hauen ustez patronala «behartuta» ikusi da akordioa sinatzera, besteak beste, «ez duelako sektorean greba gehiago izaterik nahi» eta langileak «tinko» ikusi dituelako akordio duin bat lortzeko borrokan.

«Ataka estuan» ikusi direla dio Azkuek: «Orain sinatu dena negoziazioaren hasieratik jarri genuen guk mahai gainean, baina orduan patronalak ez zuen konpromiso hori agertu langileekiko».

Halaber, akordioa lortu bada Lakuaren bitartekaritzagatik baino, «langileengatik» izan dela dio: «Langileen garaipena izan da, inork ez digu ezer oparitu». Bide horretan «borrokak merezi» duela nabarmendu nahi izan du Azkuek. «Lakuak bitartekaritza lanak egin ditu grebak egon direlako, hasiera batean bere estrategia langileen borroka kriminalizatzea izan zen», gogoratu du.

Bizkaikoa sinatuta, hiru lan hitzarmen berrituta daude Euskal Herriko Metalgintzan. Arabakoa eta Nafarroakoa iaz berritu ziren, lau eta hiru urterako; 2025era eta 2024ra arte, hurrenez hurren. Araban CCOOk, UGTk eta LABek babestu zuten. Nafarroan, baina, CCOOk eta UGTk bakarrik. Horrenbestez, egun Gipuzkoakoa da sinatzeke dagoen bakarra. Iragan abenduan iraungi zen aurrekoa, eta negoziazioak hasi baino ez dira egin.

Beste adierazpenak

Luis Mouliaá CCOOko ordezkariak eskerrak eman dizkie langileei «borrokagatik», eta pozik agertu da urte «gogor» baten ostean lortutako akordioarekin. «Patronala saiatu zen beldurra sartzen eta hitzarmen berrian aurrerapenak ekiditen, baina ez du lortu», azpimarratu du.

Era berean, UGTko José María Rojok baloratu du sektorean ez dagoela lan-baldintzen murrizketarik eta «hitzarmena ez sinatzearen ondorioz sor litekeen ziurgabetasuna» konpontzen dela.

Akordioa sinatu ondoren, Elena Pérez Barredo Laneko sailburuordeak zoriondu egin ditu sinatzaileak, enpresei eta langileei «ziurtasunak» eskaintzen dizkien hitzarmen berri bat adosteagatik. «Egun garrantzitsua da metalarentzat, sektore esanguratsua baita, sektore asko ikusten diren ispilua», adierazi du. Gainera, akordioarekin bat egiteko deia egin dio ELAri.

ELArentzat «eskasa» da

Bestalde, ELAk deitoratu egin du CCOOk, LABek eta UGTk «protagonismo politikoa ematea Eusko Jaurlaritzari, hitzarmen eskasa sinatuta».