IRRATIA

«La Sirena egunero irekitzea behar dugu, manta bakarrarekin hotz handia egiten du kalean»

Omar La Sirenaren itxierak kaltetutako migratzaileetako bat da. Udal aterperik gabe, ez daki non lo egin. Harrera Saretik, Garazi Montuschik turista talde frantses batek egindako erreserba batengatik aterpetxea itxi izana kritikatu du NAIZ Irratian, eta baliabide gehiago eskatu dizkie erakundeei.

Garazi Montuschi eta Omar. (NAIZ)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Omarrek 29 urte ditu eta duela hiru urte iritsi zen Marokotik. Andaluzian bizi ondoren, sei hilabete daramatza Euskal Herrian. Ez du etxerik eta ahal duenean egiten du lo La Sirenan. Udal aterpetxea hiru gauez itxita egon da, ostegunetik larunbatera. Eta turista talde frantses batek aurretik eginda zuen erreserba bat izan zen arrazoia. Igande honetan ireki eta gero, astelehen honetan itxiko dute berriro, eta gorabehera hauekin amaitzea baino ez du eskatzen: «Egunero irekitzea eskatzen dugu, kalean manta bakarrarekin hotz handia egiten du».

Omarrek NAIZ Irratian adierazi duenez, Donostiara «migratzaile asko etorri dira haurrekin, familiekin. Horregatik behar dugu egunero irekitzea. Gaur, seguru asko, hotz handiko txabola txiki batean egingo dut lo. Aterpetxean dutxa, janaria eta segurtasuna duzu, eta ez duzu hotzik pasatzen». Ikasi eta bere familia lagundu nahi du, baina lehen hilabeteak oso gogorrak dira migratzaile batentzat, eta are gehiago kalean bakarrik eta hotzarekin dagoenean.

La Sirena aterpetxeak ateak irekita izan zituen kale gorrian lo egiten duten pertsonei babes bat emateko. Irekitzeko edo ixteko Udalak dituen irizpideak Euskalmetek egiten dituen iragarpenetan oinarritzen dira. Muturreko hotza datorrela jakiten denean aktibatzen da zerbitzua edo kostaldean izozteko arriskua dagoenean.

Zortzi gauez irekita egon ostean, ostegunean, hilak 26, eten egin zen Donostiako La Sirena aterpetxearen zerbitzua. Ez irekitzeko arrazoietako bat turista talde frantses batek eginda zuen erreserba zela jakin aurretik, bat-bateko itxieraren zergatia galdegin zuten Herritarren Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria elkarteek iragan ostiralean Donostian egindako elkarretaratzean.

Garazi Montuschi Harrera Sareko kideak NAIZ Irratiari azaldu dionez, «lotsagarria» iruditu zaie La Sirena egun batzuetan zehar itxita egotea. «Ez dakigu nola ez den horrelako egoera bat beste modu batean kudeatu. Turista frantsesak beste leku batzuetan sar zitezkeen edo kalean dauden pertsona horiek beste leku batean artatu», nabarmendu du.

Montuschik gogoratu duenez, Harrera Sarea duela bost urte sortu zen, eta kanpotik datozen pertsonei, zehazki gazte migratzaileei, «beste motatako harrera» egiteko sortu zen elkartea. Horretarako, baliabide sozialak eskatzeaz gain, astero arropa eta elikagaiak banatzen dizkiete «oso egoera prekarioan edo kale egoeran» aurkitzen dien gazteei. Ez hori bakarrik, gaztelerazko eta euskarazko mintzapraktikak lantzen dituzte, eta beren erregulazio-prozesuetan laguntzen diete.

250 pertsona, kale egoeran

Donostiako Udalak erroldatze soziala eskaintzen die migratzaileei, baina horretarako hilabete batzuk itxaron behar dute eta dokumentazioa behar bezala eduki. «Sei hilabeteko erroldaren ondoren, logela bat alokatzeko edo Aldundiaren programaren batean sartzeko aukera dute. Hala ere, lehen hilabeteetan oso laguntza gutxi daude instituzioen aldetik, eta laguntza entitateetatik etortzen da», azaldu du.

Batez ere, Donostia bezalako hiri batean, ez daukate non lo egin, eta txoko bat bilatu behar dute: «Lehenengo hilabetetan, osasun arazoak baldin badauzkate, medikamentuak ordaintzeko arazo asko dituzte. Segurtasun falta izugarrizkoa da gaienera, gauean begi bat itxita eta bestea irekita lo egiten dute, klasetara joaten dira ia lorik egin gabe, poliziak etengabe gelditzen ditu...».

Kale Gorriaren iazko zenbaketaren arabera, 250 pertsona daude kale egoeran Donostian. Beraz, La Sirena bezalako aterpetxea oso garrantzitsua da pertsona hauentzat. «Hainbat entitatek aurreko urtetik eskaerak egiten generaman neguko dispositibo honen kriterioak zehatzagoak izateko. Tenperatura minimoen eta izozteko arriskuaren kriterioa oso erlatiboak iruditzen zaizkigu eta pentsatzen dugu 5 edo 8 gradurekin hotz handia egiten duela kalean bertan lo egiteko», azpimarratu du Montuschik.

Horregatik guztiagatik, La Sirena «momentu latzenetan irekita egotea» exijitzen dute, baita «baliabide gehiago sartzea». «Aurreko egunera arte egon zen irekita, beste hiru egun egon da itxita, atzo berriro ireki zuten eta gaur itxiko dute. Gizatasun eta borondate falta handia erakusten dute instituzioek, badaude baliabideak, eta aurrekontua ez da hainbestekoa beste motatako harrera bate egiteko», adierazi du.