IRRATIA

«Emakumeentzat ahalduntze ariketa handi bat da Harrika»

Tekno jaialdi queer eta feminista. Dantzalekuen askapenerako mugimendua. Errespetuan oinarritutako gunea. Gorputz disidenteen fetitxeak garatzeko mailua. Heteropatriarkatuaren aurkako barrikada. Horixe da ‘Harrika’ kolektiboa.

Kolektiboaren hainbat kide. (Harrika Kolektiboa. )

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2022ko martxoan hasi zen Harrika kolektiboa jaialdiak antolatzen eta jaialdi horietan ezin da argazkirik atera. Lehen aldiz doazenak harrituta uzten ditu bertan ikusten dutenak baina kolektibokoen gomendioa da aurreiritzirik gabe joatea. Sartu eta bertako giroan murgiltzeko gomendioa egiten dute, ondorioak atera aurretik. ‘Harrika’ kolektiboko Adriana Urmeneta eta Galder Beramendi gonbidatu ditugu ‘Bigarren Kafea’ saiora.

Lehen jaialdia 2022ko martxoan egin zen. «Pandemiaren ostean gazteriak garai bateko punk jarrera berreskuratu du eta festa eredua bera ere aldatu egin da». Harrika kolektiboko Adriana Urmenetaren hitzak dira. «Interes antzekoak genituen baina elkar ezagutzen ez genuen pertsona talde batek elkar ezagutzea lortu dugu eta komunitate bat sortu da. Hori da politena». Galder Beramendi ere Harrikako kidea da. «Beti konparatzen gaituzte Berlinekin. Nahiz eta inspirazioa handik etorri, hemen egindako hemengo zerbait sortu nahi dugu; zerbait ezberdina lortu nahi dugu».

Normalean hilean festa bat egiteko ohitura dute. «Guk libre sentitzeko espazio bat nahi genuen, gizon zisheteroek erraz topatzen zuten beraiek libre izateko espazio hori eta beraz, emakume eta jende queerrarentzat toki bat nahi genuen. Aniztasuna topatzen da bertan.Hasierako giroa izugarri ona zen, baina tabernak ixterakoan gizon heteroak sartu eta tokiaren jabe egiten ziren; horregatik arau batzuk jarri behar izan genituen» azaldu du Urmenetak. Festak nolakoak diren ezagutzeko, onena bertaratzea dela gehitu dute biek.

Gasteizko alde zaharrean kalera ere atera zuten festa. Jendeak hasieran arraro begiratzen zien latexezko arropa eta antzekoekin ikusita baina, «jada ari da jendea gu horrela jantzita ikustera ohitzen. Ahalduntze ariketa handi bat ari da izaten».