«Uste dugu hanka sartu zutela Pablo atxilotzean, eta orain ez dakitela airoso nola atera»
Pablo Gonzalez kazetariaren espetxealdiaren luzapena berretsi du Poloniako auzitegiak, eta hala, urtebete egingo du espetxean espioitzaz akusatuta. Tarte honetan, ordea, ez dutela haren aurkako frogarik aurkeztu azaldu du bere bikotekide Oihana Goirienak NAIZ Irratian.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ez zuten bestelako albisterik espero; ez da sorpresa izan Pablo Gonzalez kazetariaren espetxealdia otsailera arte luzatzearen inguruan hartu duten azken erabakia. Hala azaldu du NAIZ Irratian Oihana Goirienak, kazetariaren bikotekideak: «Horrelako beste hiru prozesu pasa ditu aurretik, espetxealdia luzatzea erabaki duten aldiro jarri dute abokatuek horren aurkako helegitea, eta guztietan errefusatu du epaileak».
Hala, begirada orain otsailaren 23an dute jarrita: «Urtebete egingo du espetxean. Uste dugu Fiskaltzak berriz eskatuko duela espetxealdia luzatzea, baina ez dakigu puntu honetara iritsita ia beste hiru hilabetez edo gehiagoz egingo duen, hori momentuan jakingo dugu. Helburua, edonola, bere espetxealdiaren baldintzak aldatzea izango da». Izan ere, inkomunikazio egoeran jarraitzen du Poloniako espetxe batean Gonzalezek, funtzionario, abokatu, eta aldian behin jasotzen dituen kontsularen bisitez gain, ez du beste inorekin hartu emanik kazetariak; artean ez du, gainera, bere semeekin telefono-deirik izatea ere lortu. Harremanak erabat mugatuta ditu, oso aldian behin bideratzen dizkioten gutunak salbu.
Prozesu judizial edo legalaren inguruan jasotzen duen informazio apurrarekin egiten dute aurrera kazetarien senitartekoek; Goirienak azaldu du «perspektibak onak direla» kontatzen diotela abokatuek, baina «epe luzera begirakoak», epe laburrean ez dela konponduko eta «luzera joko duela». Abokatuek diote Fiskaltzak ez duela frogarik Gonzalezen aurka eta egoera luzatzen ari direla horiek agertzeko esperantzaz edo. Goirienak dio susmoa dutela atxiloketaren «erratu» egin zirela: «Uste dugu hanka sartu zutela Pablo atxilotzean, eta orain ez dakitela hortik airoso nola atera». Tesi hori indartzeko dio ez dutela 10-11 hilabete igaro diren honetan froga gehigarririk aurkeztu.
Lehen bisita: argi-izpi bat
Defentsako abokatuen taldean aldaketak izan dituzte azken hilabeteetan, eta horrek kazetariaren egoera hobetzeko ikuspegitik «bultzada berria» ekarri duela; horri esker lortu zuten, besteak beste, Goiriena eta Gonzalezen arteko lehen bisita. Zeharo «argalduta» ikusi zuen kazetaria, «bistara 20 kilo galduta bai», baina osasunez ondo eta bere lekukotza emateko gogotsu: «Azalpenak emateko gogoa dauka, bere bertsioa eman nahi du eta kontu guzti hau argitu».
Bisitak, edozein kasutan, «aurrera egiteko indarra eta gogoa» ekarri dizkiola uste du bere bikoteak. Hori bai, ez dakite hurrengo bat noiz izango duten.
Bien bitartean, Gonzalezek abokatuen edo kontsularen bisiten bitartez jasotzen duen informazioa du Goirienak. Azken garaietan harremanak iraunkorragoak direla kontsularekin, eta horrekin asetuta mintzatu da kazetariaren bikotea, baina ez aldiz espainiar Gobernuarekin izan duen hartu-emanekin: «Maila politikoko azalpenak falta zaizkigu, gaia sakonean eta diplomatikoki zelan dagoen jakiteko Espainiako Gobernuak eman behar dizkigu azalpenak, deiren bat, kontakturen bat... uste dut tokatzen zaidala Pabloren emaztea naizen aldetik».