«Gazteengandik eta gazteentzat sorturiko ekimena nahi genuen»
Urtarrilean zehar Euskal Herri osoko 16 eta 22 urte arteko bertsolariek Bertsuxurla binakako gazte sariketan parte hartuko dute. Atharratzen, Lekornen eta Izpegin ospatuko dira kanporaketak; finala, Pausun.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Hiru kanporaketa ospatuko dira Bertsuxurla binakako gazte bertsosariketan. Bakoitzean hiruna bikote gazte arituko dira bertsotan. Lehen kanporaketa Atharratzeko Prefosta elkartean ospatuko da urtarrilaren 6an. Haira Aizpurua eta Eki Manterola, Irantzu Idoate eta Josu Txoperena eta Ekhiñe Zapiain eta Oihan Perez bikoteek parte hartuko dute.
Urtarrilaren 13an, Lekorneko Etxebarne ostatuan ospatuko den saioan, Irati Alcantarilla eta Beñat Astiz, Oier Urreizti eta June Aiestaran eta Maite Sarasola eta Jon Mendiluzeren txanda izango da.
Azken kanporaketa Izpegiko Bereko Bentan izango da eta kantuan arituko dira: Maddi Aiestaran eta Unai Anda, Izaro Bilbao eta Maddi Agirre eta Ibai Lekuona eta June Diaz bikoteak. Sailkatutako bikoteek Pausuko Xaia ostatuan ospatuko den finalean elkartuko dira urtarrilaren 27an.
Xalbat Alzugaray antolakuntza lanetan dabilen gaztea da, eta Leire Casamajourekin batera gai-jartzaile lanetan ibiliko da. Bertsuxurla sariketak bi beharrei erantzuteko asmoa duela azaldu du. Lehena, gazte bertsolarien plaza zabaltzea. Bigarrena, euskarari arnasa ematen jarraitzea. Saioen nolakotasunari dagokionez, bereziki umoretik joko duten gaien bila ari direla azpimarratu du. Ofizioei eutsiko diete baina ariketekin jolaserako tartea ere bilatuko dute.