«Istorioak neretzat egia eta zerbait kontatzeko izan behar du»
'Gari eta goroldiozko' izeneko bere lehen liburua argitaratu du Anari Alberdik. «Maite dut azokara zerbait aurkeztera etortzea; erosleekin eta interesa agertzen dutenekin hitz egitea. Orain arte musikari bezala etorri izan naiz. Orain antzekoa da baina niretzat berezia da liburu bat idatzi izana».
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
'Gari eta goroldiozko' liburua argitaratu du Anari Alberdi Santestebanek eta orain arte jaso dituen iritziekin «pozik» agertu da. «Jendea alderdi ezberdinetatik ukitu du liburuak. Batzuei oso gertukoa egin zaie eta hori niretzat oso aberasgarria ari da izaten». Bada harridura eragin dion zerbait ere. Hainbat irakurlek liburuan bere ahotsa entzun dutela esan diote Anariri.
Liburua ez zen orri zuri batetik abiatu. «Zenbait gauza idatzita nituen. Aitari buruzko testua, olibondoei buruzkoa… Testu horiek ez nituen kantu baterako ikusten eta horrek eraman ninduen liburua idaztera. Badira testu batzuk kantu izan zitezkeenak eta agian izango direnak».
Argi ikusi zuen aitari buruzko testu bat baldin bazegoen, hein handi batean berari buruzko liburu bat zegela. «Aitari, amari eta anaiari buruz hitz egiten dut, baina beste zerbaiti buruz hitz egiteko. Bizitzan anaia bat edo ama bat izatea zer denari buruz, ama ez izateari buruz edo beste gauza askoren inguruan hitz egiteko».
Denbora gehien narrazioaren arkitektura lanak kendu dio. «Testuak hor zeuden eta testu horiek egituran sartzea izan da erronka, egitura hori egia bat izanez. Orokorrean, testuak ondo sartu dira egituran».
Argi du Anarik historiak nolakoa izan behar duen berarentzat. «Istoriak neretzat egia izan behar du eta zerbait kontatzeko izan behar du. Kasu honetan, ez nire historia kontatzeko. Oinordetzan jasotakoaren inguruan adibidez, zer egin jaso duzunarekin edo jaso ez denarekin, galderekin edo hutsune batekin. Hor neretzat ariketa zen jasotako olibondoen historia modu ez exotiko batean nola kontatu asmatzea».
Anari Alberdi Santesteban Bigarren Kafean izan da 'Gari eta goroldiozkoak' aurkezten.