IRRATIA

«Saltzen den CD bakoitzean sustengu bat dago eta etxera oroitzapen bat eramaten da»

‘Hala ere’ diskoarekin etorri da Durangoko Azokara Willis Drummon. Aurten stand ireki bat hartu dute patxadaz zaleekin hitz egin ahal izateko eta hori «luxua» dela diote. «Guk oso ongi pasatzen dugu Durangon» aitortu dute NAIZ irratian.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Aurreko egunean Orioko bestetan dena eman eta neke zantzuei kasurik egin gabe iritsi dira Durangoko Azokara Willis Drummoneko kideak. Disko berriarekin datoz aurten azokara, ‘Hala ere’, beraien ibilbideko zazpigarrena. Taldeko laurak ari dira diskoak saltzen eta sinatzen, «luxua da Durangoko Azoka. Ez dakit munduan baden beste tokirik non CDak saltzen diren taldeak sustengatzeko» esan du Xan Bidegainek. Tarte batez disko-saltzaile lanak utzi eta NAIZ irratiko gunera hurbildu dira Bidegain eta Iurgi Ekiza.

70. hamarkadan egiten zen bezala, egun banda osatzen duten lau kideak estudio batean sartu eta «zuzenean, laurak batera, momentuko energia hori bilduta» grabatu dute ‘Hala ere’. Metodoan egin dute aldaketa, ez bestean. «Guk beti errepikatzen dugu gauza bera, diskoa taldearen momentuko argazki bat da eta horrela topatu gaitu disko honek» esan du Bidegainek.

Zazpigarren diskoa izan arren, ‘Hala ere’ diskoan sorrerako esentzia mantentzen du bandak, «Disko hau 70. hamarkadan egiten zen bezala grabatu dugu, 90. hamarkadako ukitua du hor daudelako gure influentziak. Eta berrikuntzak bi aldetik datoz: Johannes Buffen ekoizpena eta letrak. Diskoaren tematika eta letrak oso 2022koak dira» azaldu du Iurgi Ekizak. 

Egunero arituko da taldea diskoak saltzen eta sinatzen. «Saltzen den CD bakoitzean sustengu bat dago eta etxera oroitzapen bat eramaten da. Orain, musika zaleak biniloak erosten ditu, horregatik, CDa erosten da benetan sustengatzeko», Ekizak. Barrez gehitu du Bidegainek «Bai, gure publikoa gu bezalakoa da. Kotxe zaharrak dituzte eta CDak dituzte».

Pandemiako kontzertuak alde batera utzi eta elektrikoan hasi da berriz Willis Drummon, kide berri batekin gainera, Vicent Bestaven. «Denbora bat hartu behar izan dugu laukotea elektrikora integratzeko, oreka aurkitu behar izan dugu» dio Bidegainek, «eta bada gogoa. Inoiz baina kontzertu gehiago daude. Gu ez gara horrekin kexatzen! Jendea gogoz dago».