Assata Shakur: militantearen mitifikazioaren eraistea
Katakrak argitaletxearen eskutik euskaratu du Danele Sarriugartek Assata Shakurren ‘Autobiografia bat’ liburua. Itzultzaile elgoibartarrarekin aritu gara KulturHaria saioan solasean, Shakurren bizitza eta garaiko testuingurua hobeto ezagutzeko asmoz.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Assata Shakur (Joanne Deborah Byron) 1947ko ekainaren 16an jaio zen New Yorken. Beltzen Askapenerako Armada mugimenduko eta Pantera beltzak alderdiko kide izan zen. 1973an New Jerseyko errepide batean poliziaren kontrol batean atxilotu zuten. Erailketa eta bestelako delituen akusaziopean espetxeratu zuten. 1979an ihes egitea lortu zuen eta 1984an Kubara mugitu zen, asilo politikoa eskuratuta. 2013az geroztik FBIaren hamar terrorista bilatuenen zerendan dago.
‘Assata: An Autobiography’ ekintzailearen lan bakarra da eta 1988an argitaratu zen. Orain, Katakrakek ekarri du euskarara. Berezko liburuak Angela Davisen hitzaurrea du eta euskarazko argitalpenak mantendu egin du. Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea ere gehitu diote. Sarrionandiak eta Shakurrek Kuban ezagutu zuten elkar.
Liburua autobiografia bat da, baina ez hori bakarrik. Lanaren bitartez 1950 eta 1970eko hamarkadetako AEBetako eta New Yorkeko testuinguruaren berri jaso dezakegu. Baita Shakur eta beste militante askoren hausnarketen berri ere. Shakurren ideologizazio prozesuan eragina izan zuten mugimenduak ere ezagutu ditzakegu: beltzen askapenerako mugimendua, mugimendu komunista, antiinperialismoa...
Idazkerari dagokionez, autobiografiak forma berezia du. Errelatoak ez du orden kronologikoa jarraitzen. Abiapuntua bere atxiloketa da; eta ostean, saltoka kontatzen ditu espetxearen aurreko bizipenak (haurtzaroa, gaztetasuna...) eta ihesaldi ostekoak.